Gizartea -

Bullying

Amnistia Internazionala: 'Eskola-jazarpena salatzeko telefonoa zaharkituta geratu da'

"Ezkutuan" dauden eskola-jazarpen kasuak "milaka" direla agerian utzi du txosten batek.

Amnistia Internazionalak txostena aurkeztu du Gasteizen. Argazkia: EFE/ David Aguilar
Amnistia Internazionalak eskola-jazarpenaren inguruko txostena aurkeztu du Gasteizen.
Eskola-jazarpena giza-eskubideen erasotzat jo du Amnistia Internazionalak

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eskola-jazarpena salatzeko telefonoa "zaharkituta" geratu dela uste du Amnistia Internazionalak. "Haurtzaroaren eta gaztaroren soziologiari hobeto egokitutako" beste bide batzuk beharrezkoak direla azpimarratu du, umeek eta gazteek gertatzen zaiena kontatu ahal izateko.

Alex Somovilla Amnistia Internazionaleko bozeramaileak eskola-jazarpenaren inguruko txosten bat aurkeztu du Gasteizen. Ikerketa hilabete hasieran argitaratu zuten Madrilen.

Extremadurako eta Galiziako guraso, nerabe, profesional akademiko eta hezkuntza ikuskatzaileak elkarrizketatu dituzte, baina Espainia osora "estrapolatu" daitekeela adierazi du Somovillak.

"Ezkutuan" dauden eskola-jazarpen kasuak "milaka" direla agerian utzi du txostenak. Hezkuntza Ministerioko eskola-jazarpenaren aurkako telefonoa "jende gutxik" ezagutzen duela esan du Somovillak, ikastetxeek gurasoei tresnaren berri ematen ez dietelako. Gainera, erabiltzaile gehienak gurasoak direla kontuan hartu behar da, ez adingabeak.

Amnistia Internazionalak txostena aurkeztu du Gasteizen. Argazkia: EFE

Alex Somovilla Amnistia Internazionaleko bozeramailea. Argazkia: EFE

Zentzu horretan, salatzeko harreman mekanismoak "haurtzaroaren eta gaztaroaren soziologiari hobeto egokitu" beharko liratekeela nabarmendu du IAk. Horrela, sare sozialak bezalako beste bide batzuk landu beharra dagoela uste du, nerabeek menperatzen dituztelako, egoera salatu ahal izateko.

Gainera, telefono horretan salatutako kasuen "zati oso txiki bat" bakarrik ikertzen dute erkidego bakoitzeko ikuskaritzek, Somovillak erantsi duenez.

Ekintza protokoloak berrikustea beharrezkoa dela ziurtatu du, "benetan eraginkorrak" izateko. Ikastetxe bakoitzak "pauso ezberdinak" ematen ditu eta protokolo horiek "oso ezagunak direnik ez du ematen", nahiz eta erkidegoek ildo batzuk markatu.

Eskola-jazarpena "Estatu gaia" izan beharko litzatekeela adierazi du Somovillak

Ikastetxeen inplikazioa garrantzitsua dela azpimarratu du AIko bozeramaileak. Horregatik, arazoari modu egokian aurre egin ahal izateko, irakasleak trebatzea beharrezkoa dela uste du, profesional bakoitzaren "borondate onaren" menpe ez egoteko.

Eskola-jazarpen kasu posible guztien berri Hezkuntzako Ikuskaritza-zerbitzuari ematea gomendatu die Somovillak ikastetxeei eta irakasleei. Era berean, gurasoekin eta ikasleekin harremanetan egotearen garrantzia nabarmendu du, salatzeko mekanismoak eta protokoloak daudela jakin dezaten.

Eskola-jazarpena "Estatu gaia" izan beharko litzatekeela adierazi du Somovillak. Bozeramaileren ahotan, Estatuak haurren eskubideak eta protokoloen funtzionamendua bermatu behar ditu.

Getxon hildako adingabearen kasuaz galdetuta, eskola-jazarpenaren ondorioa den ez dakitela ohartarazi du Somovillak, baina hala balitz, "neurriek huts egin dute eta berrikusi beharko lirateke", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Hezkuntza Bullyinga