Gizartea -
BIZKAIA
Hezkuntza Sailak Getxon hildako nerabearen kasuan esku hartu zuen, 'frogarik gabe'
Cristina Uriarte sailburuak azaldu duenez, aurreko ikastetxean zegoenean 'salaketa' bat egon zen eta 'protokoloa martxan jarri eta esku hartzea egin zen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Getxon astelehenean hilda aurkitu zuten 13 urteko mutikoaren kasuari lotuta, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak hitz egin du. Azaldu duenez, salaketa baten ondotik, aurreko ikastetxean eskola jazarpenaren aurkako protokoloa martxan jarri zen eta Hezkuntza Sailak esku hartu zuen, nahiz eta "hasiera batean" frogarik ez izan.
Ikerketaren iturriek zabaldutako informazioaren arabera, umeak nota onak ateratzen zituen eta eskolan ez zuen arazorik. Hala ere, aurreko ikasturteetan ikaskideekin arazoak izan omen zituen beste ikastetxe batean, Jado Ikastetxean.
Cristina Uriarteren esanetan, aurreko ikastetxean egondako salaketa baten ondotik eskola jazarpenaren aurkako protokoloa abiatu eta esku hartzea egin zen, "nahiz eta hasiera batean eskola jazarpenaren frogarik ez izan". Gaineratu duenez, zalantzaren bat dagoen kasu guztietan jartzen da abian protokoloa.
Bere burua hiltzeko erabakia zergatik hartu zuen ikertzen ari da Ertzaintza. Ildo horretan, Ertzaintzari lanean uzteko eskatu du Cristina Uriartek.
Bestalde, "bestela ezin izan zitekeen moduan" eta Hezkuntza Sailari "laguntza" eskatzen zaion neurrian, bere sailak ikerketan lagunduko duela nabarmendu du Cristina Uriartek.