Gizartea -
Ekainak 21 eta 22, Gasteizen
Azkena Rock salatu du Facuak, jaialdira janaria eta edaria sartzea galarazteagatik
"Jaialdiaren jarduera nagusia ez da ostalaritza, musika baizik. Beraz, gehiegizkoa da jaialdira janaria eta edaria sartzea debekatzea", kontsumitzaileen elkarteak arrazoitu duenez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Facua Euskadi kontsumitzaileen elkarteak ekainaren 21ean eta 22an Gasteizen egingo duten Azkena Rock Festival jaialdia salatu du, Mendizabalara kanpotik janaria eta edaria sartzea debekatu duelako.
Ohar batean, Facuak argitu du Kontsumobiden jarri dutela jaialdia antolatzeaz arduratzen den enpresaren aurkako salaketa. Horren harira, Last Tourrekin hitz egiten saiatu da eitb.eus, baina antolatzaileek ez digute, oraingoz, erantzunik eman.
Facuak zabaldutako informazioaren arabera, Azkena Rocken webgune ofizialaren Informazio Orokorra atalean jaso dute kanpotik janaria eta edaria sartzeko debekua.
"Jaialdiaren jarduera nagusia ez da ostalaritza, musika baizik. Beraz, gehiegizkoa da jaialdira janaria eta edaria sartzea debekatzea. Izan ere, Mendizabalan bertan jateko eta edateko aukera ematen du jaialdiak", kontsumitzaileen elkarteak arrazoitu duenez.
Hamaika jaialdi salatu dituzte
Azkena Rock ez ezik, beste hamar jaialdi ere salatu dituzte 2019an, arrazoi beragatik. Azken asteotan, adibidez, Sevillako Interestelar, Madrilgo Tomavistas, Iruñeko Iruña Rock, Alacanteko Spring Festival, Palentziako Sonora, Valentziako Les Arts, BBK MusiLegends Fest eta Paraiso Festival salatu dituzte.