Gizartea -

HILKETA DONOSTIAN

Pertsona bat atxilotu dute Errenteriako gizonaren heriotzarekin lotuta

Atxilotua Antiguako ertzain-etxera eraman dute. Dena den, ikerketak zabalik jarraitzen du.

Erasoa gertatu zen tokia, Gros auzoan. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Erasoa gertatu zen tokia, Gros auzoan
Erasoa gertatu zen tokia, Gros auzoan. ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igandean Donostiako Gros auzoan erasoa jaso eta astelehenean ospitalean hil zen 61 urteko gizonaren kasuari lotuta, pertsona bat atxilotu dute ikerketako iturriek Euskadi Irratiari baieztatu diotenez. Atxilotua Antiguako ertzain-etxera eraman dute. Ikerketak zabalik jarraitzen du.

Goizean ETB1eko "Egun on Euskadi" saioari eskainitako elkarrizketan Eneko Goia Donostiako alkateak aurreratu du pertsona bat identifikatu dutela, baina errespetua eskatu du ikerketak bere bidea egin dezan.

"Nik daukadan informazioaren arabera, badago pertsona identifikatu bat eta hori da momentu honetan jarraitzen ari diren lan ildoa. Oraindik ikerketa irekita dago, eta nik uste dut bere pausoak eman ditzan errespetatu beharra daukagula", nabarmendu du.

Azken orduetan jakin ahal izan denez, eta lekukoen esanetan, Donostian hildako Errenteriako gizonari atzetik egin zioten eraso. Lekukoen testigantzaren arabera, erasotzailea zerbait eskatzera hurbildu zitzaion biktimari, eta ezetz esan zionean, atzetik segika hasi zitzaion. Autopsiak argituko du erasotzaileak buruan emandako kolpearen ondorioz ala lurrera erori zenean kolpea hartuta hil ote zen.

Eneko Goia: "Horrelako portaera baten aurrean nekez egin daiteke segurtasun plangintzarik"

Gisa horretako erasoen aurrean Donostiako Udalak plangintza berezirik egiteko asmorik duen galdetuta, segurtasun ikuspegitik horrelako gertaerak aurreikusten zailak direla azpimarratu ditu Eneko Goiak.

"Aurreko igandeko kasuan oraindik nabarmenagoa da segurtasunaren aldetik horrelako portaera baten aurrean nekez egin daitekeela plangintzarik hiritar bakoitzari eskolta jartzea ez baldin bada. Egia da Donostian, zoritxarrez, azkenaldian horrelakoak gertatu direla. Atentzioa ematen digute eta samina eragiten digute, baina ez daukate pauta komun bat", gaineratu du. Hori dela eta, haren esanetan, zaila da segurtasun ikuspegitik plan bat osatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostiako informazioa Ertzaintza Gaurko albisteak Gipuzkoa Eneko Goia argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Errenteria argazkiak Albisteak Gros auzoa Delituak argazkiak Krimenak azken ordukoa