Gizartea -
Ikerketa
Ikerketa abiatu dute Getxoko adingabearen heriotza argitzeko
Hainbat hipotesi dituzte zabalik. Horregatik, hildako umearen ikastetxea ez ezik, haren egoera pertsonala eta senitartekoekin zuen harremana ere ikertuko dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak ikerketa abiatu du Getxon astelehenean hilda aurkitu zuten 13 urteko mutikoaren heriotzaren arrazoiak argitzeko.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, bere burua hiltzeko erabakia zergatik hartu zuen ikertu nahi dute, hain zuzen ere.
Ildo horretan, ikerketarekin lotutako iturriek Efe albiste agentziari azaldu diote hainbat hipotesi dituztela zabalik.
Hori dela eta, hildako umearen ikastetxea ez ezik, haren egoera pertsonala eta senitartekoekin zuen harremana ere ari da ikertzen Ertzaintza.
Iturri horiek gaineratu dutenez, umeak nota onak ateratzen zituen eta eskolan ez zuen arazorik. Halere, aurreko ikasturteetan ikaskideekin arazoak izan omen zituen beste ikastetxe batean, Jado Ikastetxean.
Jado Ikastetxeak laguntza eskaini dio Poliziari
Jado Ikastetxeak doluminak eman dizkie hildakoaren familiari eta lagunei, eta ikerketan laguntzeko prest agertu da.
Gainera, "errespetuz eta intimitatea babestuz" jokatzeko eskatu du, ohar baten bidez.
Beltran de Heredia: "Ikerketa bide guztiak zabalik daude"
Bestalde, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak Legebiltzarrean egin dituen adierazpenen arabera, ikerketa martxan dago, baina oraingoz ez du ezer argitu.
"Ikerketa bide guztiak zabalik daude. Ezin dut ezer gehiago aurreratu", esan du.
Hiru haurretik batek eskola-jazarpena jasaten du
Espainiako Estatuan hiru ikasletik batek jasaten du eskola-jazarpena, Euskal Herriko Unibertsitateak Zibersegurtasunaren Institutu Nazionalarekin batera egindako ikerketa baten arabera.
Azken hamarkadan egindako ikerketa batean oinarritu dira ondorio horiek ateratzeko.
Ikerketa zuzendu duen ikertzailearen esanetan, nesketan kasu gehiago gertatzen dira. Gainera, ikerketak ondorioztatu duenez, bost adingabetik batek "hartzen du parte" eskola-jazarpen kasuetan.