Gizartea -
Makrooperazioa
35 lagun atxilotu dituzte, 2 Gasteizen eta Iruñean, kreditu txartelak faltsutzeagatik
230 biktima daude sei herrialdetan. 600.000 euroko maula egin eta miloi bat euro baino gehiago bitcoin bidez zuritu dituzte iruzurgileek.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak kreditu txartelak faltsutzen zituen sare bat desegin du, eta 35 pertsona atxilotu ditu, horietako bi Gasteizen eta Iruñean. Iruzurraren 230 biktima daude sei herrialdetan.
Iruzurgileek 600.000 euroko maula egin eta milioi bat euro baino gehiago zuritu dituzte bitcoin kriptodiruaren bitartez. Atxilotuez gain, beste 22 pertsona ikerketapean daude.
Operazioak —'Capcana' izena jarri diote— iruzur telematikoekin lotutako 1.020 delitu argitzeko balio izan du.
Guztira, iruzur horren 230 biktima atzeman dituzte: 210 Espainiako Estatuan, eta gainerako 20ak Frantziakoan, Israelen, Danimarkan, Alemanian eta Grezian. Espainiako Estatuan faltsututako 104 kreditu txartel atzeman dituzte agenteek, eta 12 beste herrialde batzuetan.
Iruzurgileek hiru metodo erabiltzen zituzten
Guardia Zibilak Alacanten abiatu zuen ikerketa, autoak alokatzen zuen enpresa batek aurkeztutako salaketa baten harira.
Iruzurgileek hiru metodo erabiltzen zituzten, ikertzaileek egiaztatu dutenez. Phising-aren bitartez, konfiantzako pertsona edo enpresa baten izenean arituta, kreditu txartelen datuak bereganatzen zituzten gaizkileek. Skimming-aren bidez, kreditu txartelen banda magnetikoa kopiatu eta iruzurrak egiteko erabiltzen zituzten. Beste metodo bat ere erabiltzen zuten: "Bin erasoaren iruzurra", hau da, indarrean den kreditu txartel batean oinarrituta txartel berriak egitea.
Sare horretako kideek hotelak, hegaldiak, tren billeteak eta alokairuzko autoak ordaintzeko erabiltzen zituzten txartelok.
Atxilo hartutako bik iruzurrari esker lortutako dirutza bitcoinak erosteko erabiltzen zuten Finlandian, Estonian eta Erresuma Batuan zituzten enpresen bitartez, eta AEBn, Ekuatore Ginean eta Beninen zuritzen zuten dirua.