Gizartea -
Zientzia
Eugene Txulkov fisikariak jaso du 2018ko Ikerkuntzako Euskadi Saria
EHUko Materialen Fisika katedraduna eta Donostia International Physics Centerreko bultzatzailea da zientzialari errusiarra. Euskal ikerketan "eskola sortzea" lortu du.
Agentziak | Erredakzioa
Eugene Txulkov fisikari errusiarrak irabazi du 2018ko Ikerkuntzako Euskadi Saria. EHUko Materialen Fisika katedraduna eta Donostia International Physics Center (DIPC) eta Material Physics Center (MPC) delakoetan ikertzailea da.
Txulkovek ekarpen baliotsuak egin ditu materia kondentsatuaren fisikaren esparruan, bereziki egoera solidoaren eta gainazalen fisikan. Iñigo Urkullu lehendakariak eta Cristina Uriarte Hezkuntzako sailburuak eman diote saria.
Txulkov irakaslearen lana hainbat esperimenturen jatorri izan da, kuasipartikulen eszitazioen desintegrazioaren mekanismoak eta batez besteko bizi-denborak, tunel espektroskopia eta angeluz bereizitako fotoemisio-espektroskopia ikertzeko.
Txulkov irakasleak Errusiako Tomskeko Unibertsitate Estataleko Zientzia Fisiko-Matematikoetako gradua eta doktoregoa eskuratu zituen, eta Euskadirekin 1995ean hasi zen harremanak izaten, EHUn irakasle gonbidatu gisa egonaldi bat egin ondoren, gainazal metalikoetan elektroien dinamikaren inguruko proiektua garatzeko.
Proiektua arrakastatsua izan zen eta horrek sendotu egin zuen Txulkov irakaslearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko harremana; 2000. urtetik aurrera kontratu-harremana du eta harrezkero Donostia International Physics Center abiarazten lagundu zuen, mundu osoan kuasipartikulen dinamikaren eremuko fisikari eta kimikarientzat erakarpen-polo gisa.
"Eskola sortzea"
Txulkov irakaslearen ekarpen zientifiko huts horiez gainera, zientzia egiteko duen moduaren alderdi oso esanguratsua ere nabarmendu du epaimahaiak: "eskola sortzea.
Urte hauetan, Txulkov irakaslea bere inguruan langile ikertzaileen nukleo esanguratsua eratzeko eta biltzeko gai izan da, mundu osoko puntako berrogeita hamar ikertzaile baino gehiago.
Txulkoven "konpromisoa" nabarmendu du Urkulluk
Saria emateko ekitaldian egindako hitzaldi labur batean, Gasteizen, Txulkovek zientziarekin eta formazioarekin duen "konpromisoa" azpimarratu du lehendakariak, baita Euskadin "maila handiko" sare zientifiko eta profesionala sortzeko ekarpena ere.
Eusko Jaurlaritzak ikerkuntzan, garapenean eta berrikuntzan egindako inbertsioak ere azpimarratu ditu Urkulluk, urteroko % 5eko igoerarekin.
Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusia, baita ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea ere, betiere horien lanak oso eragin positiboa badu Euskadin.