Gizartea -
Indarkeria matxista
Majarenasen alabaren erasotzailea berriz kartzelara itzultzea eskatu du Fiskaltzak
2017an umea sastakatu zuen gizonak, Izarren aitak, espetxean behin behinean eman daitezkeen bi urteak bete ditu, eta epaiketaren zain dago.
Agentziak | Erredakzioa
Izarren aita berriz kartzelaratzea eskatu dute Fiskaltzak eta akusazio partikularrak. Sara Majarenas ETAko preso ohiaren alaba da Izar. 2017ko urtarrilean, sastakatu egin zuen aitak, Benifalon (Valentzia), haurrak bi urte zituenean. Epaiketaren zain dago.
Ministerio Publikoak eta Aiert Larrarte Majarenasen abokatuak eskaera hori egin dute Valentziako Auzitegian, ahozko epaiketa hasi bitartean akusatuaren egoera zein izango den erabakitzeko bistan.
Zaintzapeko askatasunean dago akusatua, otsailaren 15etik. Egun horretan, Picassenteko 2. Instrukzio Auzitegiak espetxetik aterarazi zuen, legeak ezartzen dituen behin behineko espetxealdian eman daitezkeen bi urteak bete zituelako.
Zenbait kautelazko neurri ezartzea erabaki zuen epaimahaiak. Tartean, EAEra hurbiltzeko edo egoteko debekua, kaltetuak Donostian bizi direlako, eta 500 metro baino gutxiagora hurbiltzen denean alerta bat igortzen duen eskumuturreko telekatiko bat eramateko beharra.
Gainera, Larrartek Sara Majarenasek eta Izarrek bi zuten "berbiktimazio" egoera azpimarratu du, umearen erasotzailea askatasunean dagoela jakitean duten beldurragatik.
Izan ere, bien senitartekoek prentsaurrekoa egin zuten astelehenean Donostian. Bertan, erasotzaileari jarritako kautelazko neurriek Majarenas "denbora guztian lokalizatuta" egoteko beste dispositibo bat eramatea dakarte, baita zortzi orduro horren bateria kargatu behar izatea ere. Gainer,a ezin du Espainiar eta Frantziar estatuen arteko muga abisatu gabe zeharkatu, ezta EAEtik irten, "beldurragatik".
Bestalde, akusatuaren defentsak aitak askatasunean jarraitzea eskatu du.
30 urteko kartzela zigorra eskatzen dute Fiskaltzak eta akusazio partikularrak akusatuarentzat, Izarren kontrako erailketa delitu saiakuntzagatik, ahaidetasun eta genero indarkeria astungarriekin, eta Sara Majarenas amaren kontrako lesio psikiko delitu batengatik.
Zigorra betetzen duenean, prozesatua zazpi urte zaintzapeko askatasunean egotea eskatzen du Ministerio Publikoak.
Akusazio partikularrak hamar urteko zaintza eskatzen du, eta gainera, izan zitekeen edozein espetxe onura genero indarkeriari buruzko ikastaroak egitera lotuta egon behar izatea.