Gizartea -
EAE-KO AIREAREN KALITATEA
Durangoko airearen kalitatea neurtzeko estazioak neurgailu berria ezarri du
Ingurumen Sailak datozen egunotan eskainiko ditu bentzenoaren eta beste konposatu organiko lurrunkor batzuen emisioei buruz jasotako datuak.
eitb.eus
Euskadiko Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareak Durangon duen estazioak bentzenoaren eta beste konposatu organiko lurrunkor batzuen emisioei buruzko datuak eskainiko ditu datozen egunotan, substantzia horietarako neurgailu berezia jarri baitu, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak jakinarazi duenez.
Sarea hobetzeko programaren barruan, otsailean udalerrian dagoen estazioan BTEXen (bentzeno, tolueno, etilbentzeno eta xilenoa) analizatzaile automatikoa jarri zen; etengabe neurtzeko aukera ematen du.
Orain arte, probak eta egiaztapen zehatzak egiten jardun dute, eta konposatu organiko lurrunkor horien datuak argitaratzen hasiko dira laster Durangoko airearen kalitatea aztertzeko estazioan, gainerako parametroekin batera.
Iaz estazio mugikor baten bidez eginiko kontrol kanpainan bentzeno aztarnak (C6H6) detektatu ostean erabaki du Ingurumen Sailburuordetzak udalerrian neurgailu horiek jartzea. Ondoko ikerketa batean, galdaketako bi enpresaren ekoizpen-prozesuan kokatu zen emisioa.
Nahiz eta detektatutako mailak urtean baimendutako mugako balioaren azpitik egon (5 mikrogramo metro kubiko aire bakoitzeko), hidrokarburo horren oinarriko emisioa zegoenez, Ingurumen Sailburuordetzak erabaki zuen Durangoko estazioan BTEX etengabe neurtzeko beharrezko ekipamendua sartzea, hobeto kontrolatzeko.