Gizartea -
Suizidioaren prebentzioa
Hedabideek sentsazionalismorik gabe suizidioa jorra dezatela gomendatzen dute adituek
Suizidioa heriotza ez naturalen sorburu nagusia da Espainian, egunero hamar pertsonak bere buruaz beste egiten baitute.
Agentziak | Erredakzioa
Andoni Ansean Suizidioaren Prebentziorako Espainiako Fundazioko presidentearen esanetan, suizidioa saihesteko biderik eraginkorrenetariko bat hedabideetan horretaz hitz egitea da, baina "sentsazionalismoan eta morboan erori gabe".
Ansean Gasteizen izan da ostiral honetan, Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkarteak (Asafes) suizidioaren harira antolatutako jardunaldi batean parte hartzeko. Eusko Jaurlaritzak aste honetan bertan aurkeztu du suizidioari aurre egiteko prebentzioan oinarritutako plana. Izan ere, Suizidioa heriotza ez naturalen sorburu nagusia da Espainian, egunero hamar pertsonak bere buruaz beste egiten baitute.
Horrenbestez, hedabideek arazoa "ezkutatzearen" kontra eta sendatze historoiak kontatzearen alde agertu da Ansean. Izan ere, suizidioak saihesteko bideak daude eta gizarte osoari dagokio horri aurre egitea.
Hala ere, Estatu mailan prebentzio planik ez dagoela salatu du, 2012tik Kongresuan legez besteko bi proposamen aurkeztu arren; baina, aldarrikapen hori "kajoietan jarraitzen duela" gaineratu du Anseanek.
Bestalde, plan horiek osasun sistematik haratago joan behar direla eta esparru eta gizarte osoan barneratu behar direla adierazi du; batez ere, hezkuntza mailan, arrisku faktore asko heziketaren lehen fasetan ematen direlako.
Hori horrela, bere buruaz beste egiten dutenen kopurua auto-istripuetan hildakoak baino gehiago izanik, bigarren horietan informazio kanpainak egiten direla azpimarratu du Anseanek, baina suizidioa "inon ez dela aipatzen" salatu du, eta "horiek ez badira kontatzen ez dira existitzen", esan du.