Gizartea -
SUIZIDIOA
Suizidioaren inguruko mitoak hausteko beharra nabarmendu du Artolazabal sailburuak
Sailburuaren iritziz, 'suizidioaz hitz egin behar da'. Are gehiago, osasun eta gizarte arreta arloetan 'lehentasunezko' gaia dela iritzi dio.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburua suizidioaren inguruko "mito handiak" apurtzeko beharraz mintzatu da. Uste okerren artean bi nabarmendu ditu: batetik, suizidatu egingo dela ohartarazten duenak ingurukoen arreta piztu nahi duela; bestetik, suizidioen inguruko informazioa emateak "domino efektua" eragiten duela.
"Suizidatu egingo dela ohartarazten duenak norbaiten arreta erakarri nahi badu, zerbait gertatzen zaiolako da. Zenbaitek beren asmoa (suizidioa) gauzatzen dute aurretik horretarako nahia agertu ostean", adierazi du. Gaineratu duenez, ez da egia suizidio kasuen inguruan hitz egiteak domino efektua eragingo lukeenik.
ASAFES Buruko Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkarteak antolatuta, "Isiltasunaren tabuak hautsiz" mintegia egiten ari dira ostiral honetan, eta Artolazabal sailburuak parte hartu du bertan, Eusko Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi duenez.
Sailburuaren hitzetan, garrantzitsua da hedabideek suizidioa nola jorratu behar duten definitzea, "ahal den neurrian prebenitzeko". Ildo horretan, suizidioa "sentsazionalismoan erori gabe eta zehaztasunez" jorratzea eskatu du. Horren esanetan, gaur egun Kazetaritzako fakultateetan suizidioari erreferentziarik ez egitea aholkatzen bada ere, "suizidioaz hitz egin behar da", osasun eta gizarte arreta arloetan "lehentasunezko gaia" delako.
Artolazabalek azpimarratu duenez, suizidatzen diren pertsonen kopurua trafiko istripuz hildakoena baino askoz ere handiagoa da. Suizidioekin gertatzen ez den bezala, trafiko istripuei buruzko kontzientziazio eta informazio kanpainak egiten dira.
Arazo sozial horri aurre egiteko beharrezkoak diren baliabideak bideratu behar direla uste du Artolazabalek.
Arrisku faktoreak
Bestalde, arrisku faktoreak ere izan ditu hizpide: arazo ekonomikoak, desegituratutako familiak, langabezia edota etxegabetzeak. "Horiek guztiak etsipenaren eta depresioaren haztegi dira, batzuetan suizidioa eragin dezaketenak", azaldu du.
Eusko Jaurlaritzak aste honetan bertan aurkeztu du Suizidioa Prebenitzeko Estrategia, eta, Artolazabalen iritziz, "beharrezkoa eta anbizio handikoa da".