Gizartea -
Bizkaiko ikastolak
Ibilaldi eguneko inbertsioa estaltzeko haina diru bildu du Azkue ikastolak
Laguntza eman duten guztiei eskerrak eman dizkie Lekeitioko ikastolak. 2020ko Ibilaldia Elorrion izango dela iragarri dute. "Hel horri!" izango da leloa.
Agentziak | Erredakzioa
Lekeitioko Azkue ikastolako arduradunek eskerrak eman dituzte, aurtengo Ibilaldiko eguraldi txarraren eraginez ikastolak galera ekonomikoak izan ondoren egindako laguntza eskaerari euskal komunitateak emandako erantzuna "berehalakoa eta erraldoia" izan delako. "Euskaraz esan genezakeen modu guztietan esango dugu, eskerrik asko, mila esker, esker anitz!", esan dute Lekeitioko ikastolako ordezkariek Bilbon egindako agerraldian.
"Euskal Herriko txoko guztietatik jaso dugu laguntza. Baina laguntza ekonomikoaz aparte, asko eta asko izan dira beraien burua lanerako eskaini dutenak edota beraien kultur ikuskizunagatik kobratzeari ere uko egin dienak, eskerrik asko guztioi", azaldu du Ainara Ikaran Azkue ikastolako lehendakariak.
Ikastolako arduradunek ez dute datu zehatzik eman, baina jasotako elkartasunarekin eta Ibilaldi egunaren aurretik egindako lanarekin, Ibilaldi eguneko inbertsioa estali eta aurreikusitako proiekturen bat egiteko lain ere izango dutela aurreikusi dute. "Urtean zehar egin dugun lan gogorrari eta jasotako elkartasunari esker, neurri batean gure proiektua aurrera eramateko aukera izango dugu", adierazi du Maitane Hidalgo ikastolako zuzendariak.
Azken zazpi urteetan umea ardatz izanik, harago joan eta hezkuntza eraldatzeko hautua egin du Lekeitioko Azkue ikastolak. Modu horretan, ikastola berri eta aberats bat eskaini nahi dio ikasleari, bere osotasunean garatu dadin. Hori horrela izanik, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan proiektu berriak garatu dituzte, eta aurrera begira eraldaketa hori kanpo espaziora gehiago zabaldu nahi dute. Hori dela eta, herritarren ekarpenei esker kanpo espazioaren eraldaketari ekingo dio Azkue ikastolak.
Ibilaldia 2020, Elorrion
Bestalde, 2020. urteko Ibilaldiaren berri eman dute. Elorrioko Txintxirri ikastolak antolatuko du, datorren urteko maiatzaren 31an, "Hel horri!" lelopean, eta bere hezkuntza eredua herriratzea eta ezagutzera ematea, erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea (Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako bioeraikin berria eta XVII. mendeko Txintxirri jauregiko espazioen berrantolaketa) eta herriko eragile eta taldeekin harremanak sendotzea izango dira helburu nagusiak.
Bere arduradunek azaldu dutenez, Elorrioko ikastolak 1968ko urtarrilaren 12an zabaldu zituen ateak, eta 0-16 urte bitarteko kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzen du. Halaber, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa ere eskaintzen ditu, ikasleak Durangoko Ibaizabal ikastolara bideratuz, eta, horrela, gazteen formazioa 21 urte arte luzatuz.
Ibilaldia 2020ko ekintzek izango eta bultzatuko dituzten baloreak izan dituzte hizpide arduradunek, besteak beste, euskararen sustapena bultzatzea, sexu eta generoari lotutako rolak gainditzea, antolatzen dituzten ekintza guztietan jasangarritasunaren ikuspuntua izatea, Ibilaldia ikastolako eta herriko eragile guztien arteko prozesu partehartzailea izatea, eta berdintasun-ezberdintasuna bultzatzea, behar desberdinetako pertsonentzako Ibilaldia diseinatuz, hau da, denontzako Ibilaldia garatzea.