Gizartea -

Kutsadura

Euskadin 79 zehapen-txosten ireki dira isurketengatik 2018an

Ikuskapen horien ondorioz, hamabost arau-hauste atzeman dira, hiru errekerimendu bideratu dira hutsuneak konpontzeko eta bi zehapen-txosten ireki dira.

Gasteizko araztegia. Irudia: Mikel Arrazola
Gasteizko araztegia
Gasteizko araztegia. Irudia: Mikel Arrazola

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uraren Euskal Agentziak (URA) zabaldutako datuen arabera, ibaietara, hezeguneetara eta itsasora egindako isurketengatik 79 zehapen-txosten ireki ziren Euskadin 2018an, aurreko urtean baino 37 gehiago.

Igoera hori Ertzaintzaren, aldundien eta administrazio lokalaren koordinazioaren ondorioa da. URAren arabera, horri esker “jakinarazpen nabarmenen % 69an” erantzulea aurkitzea lortu da.

Uraren Euskal Agentziak ezagutzera eman duenez, baimendutako 65 isurketek ibaietara eta kostaldera heltzen den kutsaduraren % 80 sortzen dute. 2.000 biztanle baino gehiagoko 45 hiri-aglomeraziok egiten dituzte baimendutako isurketa horietako batzuk, eta saneamendu-sistemetara konektatuta ez dauden eta, ondorioz, ingurunera isurtzen duten karga handiko isurketak dira gainerako 20ak.

Saneamenduaren ikuspuntutik, hiri-aglomerazioak dira, horien populazio eta jarduera ekonomikoa dela-eta kontzentrazio nahikoa dutenak hiriko hondakin-urak bildu eta araztegi batera bideratzeko, azken isurketa-puntu batetik isurtzeko.

Isurketa-baimen batekin araututa eta kontrolatuta egiten diren gainerako 2.285 isurketek Euskadiko ibai, hezegune edota kostaldera heltzen den kutsadura karga ia osoaren % 20 biltzen dute. Horiei guztiei kontrolik eta baimenik ez duten isurketen karga kutsakor txikiagoa gehitu behar zaie.

Oro har, guztira, 2.351 isurketa daude baimenduta, eta horietako 1.340 hiri-lurzoruan sortzen dira. 2018an, 3.140 isurketa ikuskatu dituzte, bete beharreko baldintzak betetzen dituztela baieztatzeko, eta baimen horien titularrei horiek kontrolatzeko eskatzen zaizkien 14.000 laginen jarraipena egin dute.

Ikuskapen horien ondorioz, hiru eskakizuni bidea eman dioten hamabost arau hauste atzeman dira hutsuneak konpontzeko eta bi zehapen txosten ireki dira.

Baimendu gabeko isurketak

2018an istripu edota ezohiko isurketen berri emateko 408 jakinarazpen jaso dira, 112aren bitartez gehienbat: horietako 167 nabarmentzat jo dira (alegia, erasan-maila altu edota ertainekoa).

Baimendu gabeko isurketa gehienak (% 70) egoera ekologiko onean edo oso onean diren ur-masetan izan dira, eta 11 kasutan arrainak hil dira isurketa horien ondorioz.

Isurketen kontrola indartzearen ondorioz, 79 zehapen-txosten abiarazi dira (2017an, aldiz, 42 txosten abiaraztea proposatu zuten), azken urteotako goranzko joera indartuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ura Ibaiak Kutsadura