Gizartea -

OSASUNA

Suizidioari aurre egiteko, prebentzioan oinarritutako plana aurkeztu du Osakidetzak

'Arriskuaren detekzio goiztiarra, berehala esku hartzeko, eta suizidioa gizartean ikusaraztea' dira helburu nagusiak, Nekane Murga sailburuaren hitzetan.

Planaren erredakzioan parte hartu duen aditu taldea, gaur, Gasteizen. Argazkia: EiTB.
Suizidioa Prebenitzeko Estrategia
Suizidioaren eragina murrizteko lehen estrategia integrala osatu dute

1:30

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Suizidioak duen eragina murrizteko plan integral aitzindari bat prestatu du Osakidetzak, Suizidioa Prebenitzeko Estrategia goiburupean, eta prebentzioa, esku-hartze goiztiarra eta arreta sistema berezitua ditu ardatz.

Gaur aurkeztu du plana hedabideen aurrean Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, ekintza-plan hori prestatu duen lantalde zabalarekin batera. Suizidioari aurre egiteko ekimen estrategiko bat EAEn martxan jarriko den lehen aldia da, eta sailburuaren hitzetan, "suizidiorako arriskua dakarten jokabideen detekzio goiztiarra eta suizidioa gizartean ikusaraztea" dira helburu nagusiak. "Estigmak eta tabuak" apurtzearen eta bizirik irteten diren pertsonak zaintzearen garrantzia nabarmendu ditu. Horretarako, bederatzi arlotan banatuta, 57 neurri abian jarriko ditu Osakidetzak.

Hasteko, batzorde berezi bat osatuko da, estrategiaren koordinazioa eta jarraipena bermatzeko, eta Euskadiko Osasun Behatokiaren baitan suizidioa landuko duen aparteko talde bat sortuko dute.

Kanpaina ezberdinen bidez, herritarren artean suizidioari buruzko informazioa eta kontzientziazioa zabaltzea izango da planaren oinarrietako bat, arrisku-faktoreak identifikatzen laguntzeko eta prebentzioan laguntzen duten balioak sustatzeko. Halaber, suizidioaren mapa bat egingo da, erabilitako metodoen profila eta arrisku handiko guneak identifikatuz.

Profesionalen formazioari ere berebiziko garrantzia emango zaio, eta jarduera protokolo integratua ezarriko da. Osasun adituak ez ezik, beste esparru batzuetara ere zabalduko da formazioa; hala, identifikazioan eta prebentzioan lagun dezaketen hezkuntzako, gizarte zerbitzuetako, hainbat lan eremutako eta arrisku egoeran egon daitezkeen pertsonen familietako kideek ere jasoko dute prestakuntza.

Bestalde, Suizidio Arriskuaren Kodea (SAK) sortu eta informazio hori pertsona bakoitzaren historia-klinikoan txertatzea aurreikusten da. Arrisku egoeran egon daiteken pazienteari jarraipen zorrotzagoa egitea ahalbidetuko luke kode horrek.

Azkenik, suizidio saiakera batetik bizirik atera diren pertsonei lehen erantzun azkarra emateko jarraibideak ere ezarri dira.

Begirada gizarte osoan jarriko bada ere, bereziki zainduko dira ahultasun egoeran dauden kolektiboak: haurrak eta nerabeak, indarkeria matxistaren biktimak, adinekoak, gaixo kronikoak, mendekotasuna duten pertsonak, bakardadean bizi direnak edota hainbat arrazoi tarteko bazterkeria egoeran daudenak.

Murgaren arabera, Euskadi ez da hutsetik abiatu, "azken urteotan, suizidioaren jokabidea prebenitzeko eta hari heltzeko ekintzak" garatu baitira osasun arloan. Hala ere, gaur aurkeztu den estrategiaren bidez "jauzi kualitatiboa eman nahi" dela azpimarratu du sailburuak.

Gaur aurkeztutako plana hainbat hilabetetan garatutako lanaren emaitza da, eta lan-esparru ezberdinetako aditu ugarik hartu dute parte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Llanos del Hospital Gurutzetako ospitalea Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea