Gizartea -
Ekimen solidarioa
400 korrikalarik errefuxiatuek dituzten zailtasunak salatu dituzte Bilbon
68 milioi errefuxiatu daude nazioartean. Testuinguru horretan, haien jaioterritik ihes egitera behartuta dauden errefuxiatuek dituzten oztopoak ikustarazi nahi ditu Cear Euskadi elkarteak.
Agentziak | Erredakzioa
400 bat korrikalarik Cear Euskadi elkarteak antolatutako ‘Bilbao Refugio’ lasterketa solidarioaren hirugarren edizioan parte hartu dute igande honetan. Ekimen horrekin, “errefuxiatuek dituzten oztopoak eta zailtasunak” jakitera eman nahi dituzte.
CEAR Euskadik Oñatin, Gasteizen, Donostian eta Bilbon hartutako 40 errefuxiatuk eman diote hasiera lasterketari. Gainera, aurreko urteetan parte hartu duten zenbait korrikalari beteranok ere aurtengo hitzorduan izan dira. Elkarte horretako kide den Youssef En Nouary errefuxiatuak azaldu duenez, “lasterketaren helburu nagusia jendartea errealitate honekin sentsibilizatzea da”.
Lasterketari hasiera eman aurretik, Javier Galparsoro Cear Euskadiko presidenteak gogora ekarri du lehenengo edizioan “errefuxiatuek egiten duten bidaia arriskutsu eta luzea ikustaraztea” izan zutela helburu. Izan ere, iheslariak “haien jaioterrian pairatzen duten jazarpenagatik” alde egitera “behartuta” daudela azpimarratu du Galparsorok.
Iazko lasterketa solidarioan, berriz, “behartutako lekualdaketen kausak anitzak direla azalarazi genuen: gerrak, arrazoi politiko edo sozialak direla medio, edota genero edo sexu-orientazio arrazoiengatik”, esan du Cear Euskadiko presidenteak.
Aurten, “behin leku seguru batera heltzen direnean errefuxiatuek gainditu behar dituzten oztopoak jakitera eman nahi izan ditugu: etxebizitza eta lana topatu, tokiko hizkuntzak menperatu, eta orokorrean bizitza berri bat hutsetik hasteko behar diren kontu guztiak”, adierazi du CEAR-Euskadiko presidenteak.
Ildo horretatik, edizio gehiago egin beharko dituztela deitoratu du Galparsorok, izan ere, “nazioartean 68 milioi errefuxiatu daude”.
Youssef En Nouaryk ‘Bilbao Refugio’ lasterketaren aurreko bi edizioak irabazi ditu. Duela zortzi urte iritsi zen Bilbora, adinez txikikoa zela. Bere esanetan, “helburua jendartea errealitate honekin sentsibilizatzea da, alegia, pertsonak direnagatik baloratzea. Bizkaiko hiriburura iritsi nintzenean zailtasunak izan nituen, baina laguntza eskaini didaten pertsonak ere ezagutu ditut. Nire esku dagoena egiteko prest nago egoera hobetu dadin, izan ere, herritar guztiak pertsonak gara, ezerk ez gaitu bereizten”.
Halaber, Monica Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak ere bat egin du ekimenarekin. “herri solidarioa gara, eta errefuxiatuek babesa jasotzeko eskubidea dute gurera heltzen direnean. Besoak zabaldu behar dizkiegu. Gizarteratzea posible dela erakutsi digu Youssefek”.