Gizartea -

Erreklamazioa

Vodafonek 14.000 euro itzuli dizkio Ermuko bizilagun bati fakturazio okerragatik

Kontsumitzaileak roaming eskaintza bat kontratatu zuen, baina hori beharrean, tarifan fakturatu zion konpainiak. Kontsumobiden salatu zuen auzia, eta horrek arbitraje bidez konpondu zuen.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vodafone telefono konpainiak 13.885,65 euro itzuli dizkio Ermuko (Bizkaia) bizilagun bati, fakturazio oker bat egin ostean. Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuaren arabera, 14.071,88 euro fakturatu zizkioten roaming kontzeptuan.

Kontsumitzaileak roaming tarifa bat kontratatu zuen herrialde jakin batzuetarako. Atzerrian zela, Vodafoneko komunikazio batek adierazi zion agortzen ari zela tarifa, eta hain denbora gutxian halakorik gertatzea ezinezkoa iruditu zitzaion erabiltzaileari. Konpainiako bezeroarentzako arreta-zerbitzuarekin kontaktuan jarri, eta hutsegite bat zela eta zuzendu egingo zutela adierazi zioten.

Hala eta guztiz ere, etxean bueltan, batetik, hutsegitea ez zutela zuzendu ziurtatu ahal izan zuen; tarifan fakturatu zioten roaminga, kontratatuta zuen eskaintzaren ordez eta, bestetik, bere eskaintzan sartzen ez ziren herrialdetan nabigatzen aritu zela adierazi zioten. Faktura 14.071,88 eurokoa zen, eta horregatik erabaki zuen Ermuko herritarrak erreklamazioa egitea.

Lehenengo erreklamazio batean, 6.562,33 euro itzultzea onartu zuen Vodafonek, baina Ermuko herritarrak, horrekin ados ez zegoenez, KIUBera jo zuen. Hala, bulego horrek Kontsumobidera bideratu zuen kasua, Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordeak tramitatu zezan. Erakunde horren bitartekaritza-lanari esker, Vodafonek onartu egin zuen kaltetutako erabiltzaileari gainerako 7.323,32 euroak ordaintzeko, horrek, inplizituki, "hutsegitea aitortzea eta zuzenketa onartzea" dakarrela kontuan hartuta.

Kontsumobidek gogora ekarri duenez, Arbitrajearena "biderik bizkorrena eta ekonomikoena" da kontsumo-gatazkak ebazteko. Beraz, berari atxikitako enpresei eta kontsumitzaileei gomendatu die Arbitrajeko kide diren establezimenduak aukeratzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal herriak Zer gertatu da Bizkaian? Ermua Telefonia mugikorra Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoa KontsumoBIDE gaur Durangaldea albisteak