Gizartea -
Madrilen
Suizidatu zen emakumearen bideoa ustez hedatu zuen gizonak bere burua entregatu du
Bideoa nortzuek elkarbanatu zuten argitzeko ikertzen ari da epaitegi bat. Emakumeak 32 urte eta bi seme-alaba zituen, eta San Fernando de Henaresko (Madril) Ivecoko lantegi batean behar egiten zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Bere buruaz beste egin zuen emakumearen irudi sexualak zituen bideoa hedatzearen ustezko erantzuleak bere burua entregatu du, ostegun arratsaldean, Guardia Zibilaren aurrean, eta Espainiako Poliziaren bulego nagusian deklaratzen ari da.
Biktimarekin aurretiko harreman bat izan zuen gizonak. Ustez, berak zabaldu zuen bideoa, orain dela hilabete bat. Mejorada del Campoko (Madril) Guardia Zibilaren kuartelean aurkeztu du bere burua, eta auzia ikertzen ari den Poliziaren esku jarri dute.
Ikerketa abiatu du epaitegi batek
Bideo sexualaren hedapena ikertzeko eginbideak hasi ditu Alcala de Henaresko 5. Instrukzio Epaitegiak. 32 urteko emakumeak San Fernando de Henaresko (Madril) Ivecoko lantegi batean behar egiten zuen.
Ana Maria Gallegos epailea kasua bere gain hartu zuen suizidioaren atestatu poliziala jaso ostean, baina orain bideo sexualaren hedapena ere ikertuko du. Lehen aldiz irudiak zabaldu zituena hildakoaren bikote ohi bat edo emakumea bera izan zen ikertzen ari da Polizia.
Beraz, sekretuak ezagutaraztearen ustezko delituagatik hasi ditu eginbideak, behin Poliziak atestatua bidalita.
Epaitegi hori izan zen gorpuaren altxaketaren ardura hartu zuena, guardian zegoelako, eta sekretua ezarri du auzian.
Asteazkenean, Delikuentzia Informatikoko Aretoaren Fiskaltzak gertakizunetan deliturik egon zitekeen zehazteko txosten bat eskatu zion Espainiako Poliziari.
Alcala de Henaresko polizia etxeak, bestalde, ikerketa hasi zuen ofizioz. Filtratutako bideoa ikertzen ari dira agenteak, eta nortzuek elkarbanatu zuten egiaztatzen ari dira, baita emakumeak lankideen jazarpena jaso zuen ere. Momentuz ez dago atxiloturik.
Emakumeak 32 urte eta bi seme-alaba zituen. Bideoa zabaldu ostean, bere senarrak pentsatuko zuenagatik arduratuta zegoen. Ostiralean ikusi zuen gizonak, eta emakumeak nerbio krisialdi bat izan zuen. Hurrengo egunena, bere buruaz beste egin zuen Alcala de Henaresko etxean.
2015ean Zigor Kodea erreformatu zenean, hiru hilabete eta urtebete arteko kartzela zigorra edo sei eta hamabi hilabete arteko isuna ezarri zen errudunarentzat, "ukitutako pertsonaren baimenik gabe, pertsona horren irudi edo ikus-entzunezko grabazioak hedatzen, ezagutarazten edo lagatzen baditu, eta irudi edo grabazio horiek pertsona horren adostasunez lortu bazituen egoitza batean edo hirugarrenen begiradatik urruneko beste edozein tokitan, eta hedapen horrek pertsona horren intimitate pertsonala era larrian kaltetzen badu".