Gizartea -
Foruzaingoa
Alzheimerra duen emakume baten bila jarraitzen dute Iruñean
Astelehenean desagertu zen 74 urteko andrea, Nafarroako hiriburuko Sanduzelai auzoko txakurren aisialdirako eremu batean.
Agentziak | Erredakzioa
Astelehenean Iruñeko Sanduzelai auzoko txakurren aisialdirako inguru batean desagertu zen 74 urteko emakume baten bila ari da Foruzaingoa. Alzheimerra du.
Foruzaingoak zabaldu duenaren arabera, Gumersinda (desagertutako emakumea) gorpuzkera handikoa da, 1,75 metro luze da, begi urdinak ditu eta adats zuria du.
Desagertu zenean euskal artzain txakur batekin zihoan, eta txandal praka beltzak, jaka grisa eta kiroletako zapatilak zituen jantzita.
Foruzaingoa Arrotxapean, Artika Berrian, Buztintxurin eta Sanduzelain ari da haren bila. Gainera, etxabeak, baratzeak edo antzeko lekuak dituzten herritarren laguntza eskatu dute, bertan babestu ez dela egiazta dezaten.
SOS Nafarroak eskatuta, Itsasoko Bilaketa eta Salbamenduko Larrialdiei Berehala Erantzuteko Taldea jarri du martxan Gurutze Gorriak.