Gizartea -
Erasoa
Hamahiruna urteko espetxe zigorra Bilbon neska bat bortxatu zuten hiru gizonentzat
2017an gertatu zen erasoa Bizkaiko hiriburuan. 18 urteko neska bati sexu abusuak egin zizkioten, eta sakelako telefonoarekin grabatu zuten guztia.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hamahiruna urteko espetxe zigorra ezarri die Bilbon 2017an 18 urteko neska bati sexu-abusuak egiteagatik eta erasoa grabatu eta zabaltzeagatik epaitu dituzten hiru gizonei.
Astearte honetan argitaratutako epaiaren arabera, sexu-abusuengatik 10 urteko kartzela-zigorra ezarri diote horietako bakoitzari. Gainera, erasoa ezagutzera emateagatik eta sakelako telefonoarekin zabaltzeagatik, beste hiruna urteko zigorra bete beharko du erasotzaile bakoitzak.
Epaiak jasotakoaren arabera, Bilboko Santutxu auzoko Solokoetxe inguruan gertatu zen erasoa, dantzaleku batetik atera ostean, 2017ko urtarrilaren 14an, goizaldean.
"Neskaren ulertzeko zein zer nahi zuen kontrolatzeko gaitasuna erabat kaltetuta zegoela" esan du epaileak.
Horrenbestez, "aldaroka ibiltzen zela ikusita, eta esaten zuena ulertezina izanik" diskotekako segurtasunekoek lokaletik atera zuten.
"Emakumearen nahastea ikusita, berarekin joatea erabaki zuten gizonek", gaineratu du epaiak.
Biktima edanda, drogen eta botiken mende zegoela baliatuta, hiru gizonek neska inguratu eta bortxatu egin zuten.
Nekane San Miguel magistratuak zuzendutako epaimahaiak hala erabakita, ateak itxita egin zuten epaiketa, maiatzean. Lehen saioan, hiru gizonek errugabeak zirela esan zuten. Biktimak (18 urte zituen eraso ziotenean), ordea, sexu-erasoa berretsi zuen. Neskaren aitak ere kontakizuna baieztatu zuen; hain zuzen, bera joan zen alabaren bila Bilboko Santutxu auzora.
Hiru auzipetuak (20 eta 28 urte bitartean zituzten biktimari eraso ziotenean) behin-behineko espetxealdian zeuden.
Fiskaltzak ia 80 urterainoko kartzela-zigorrak eskatu ditu, eta akusazio partikularrak 100 urtetik gorakoak. Defentsako abokatuek, berriz, absoluzioa eskatu dute.
Inguruko segurtasun-kamerei esker identifikatu eta aurkitu ahal izan zituzten akusatuak.
_____________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.