Gizartea -
28. edizioa
Errenteriak Euskal Eskola Publikoaren Jaia hartuko du, ekainaren 2an
Ekainaren 1ean hainbat ekintza burutuko direla aurreratu dute, Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaiari harrera emateko. Jaia sei gunetan banatuko da.
Agentziak | Erredakzioa
Koldo Mitxelena eskolak antolatuta, ekainaren 2an Euskal Eskola Publikoaren 28. jaia ospatuko da Errenterian (Gipuzkoa). ‘Makina bat taupada’ lemapean, egitaraua sei gunetan antolatuta egongo da eta, antolatzaileek ostegun honetan nabarmendu dutenez, “hamaika jardueraz gozatzeko aukera paregabea izango da”.
Julen Mendoza Errenteriako alkateak, Maialen Oliveri ikastetxe horretako ametako batek, Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak eta Porrotx pailazoak aurkeztu dute egun horretarako prestatu duten egitaraua, kazetarien aurrean egindako agerraldian.
Ildo horretatik, ekainaren 1ean hainbat ekintza burutuko direla aurreratu dute, Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaiari harrera emateko. Jaia sei gunetan banatuko da, Koldo Mitxelena, Gamon Zumardia, Gernika plaza, Herriko plaza, Foru plaza eta Ondartxo hain zuzen ere.
Gainera, giroa berotzeko hainbat ekintza ibiltari izango dira kaleetan zehar: EH 11 kolore, Euskorleans, Rockalean, EMKE banda, Reperkusion Feminista, trikitilariak, txistulariak eta dantzariak. Antolatzaileek azaldu dutenez, Errenterian ez da jai girorik gabe egongo den txokorik izango. Urtero bezala, garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute.
1. gunea: Koldo Mitxelena
Koldo Mitxelena eskola izango da Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaiaren lehenengo gunea, atsedenerako leku aproposa behin irekiera ekitaldia amaituta. 15:00reratik aurrera hainbat elkartek eskainitako tailerrak egingo dira. Halaber, takila-zerbitzua eskainiko dute eskola barruan.
2. gunea: Gamon Zumardia
Gamon Zumardia izango da jaiaren bigarren gunea. 12:00etan Pirritx, Porrotx eta Marimotots igoko dira oholtzara “Musua” ikuskizunarekin, musuek ere mundua biraka jartzen dutela erakusteko prest. 11:00etatik aurrera giza balioak Euskal Herriko txoko guztietara musika bidez helarazteko sortu zen Baloreak proiektuaren eskutik, egitasmo interaktibo batean parte hartzeko aukera egongo da. Arratsaldean musika izango da protagonista, Demode Quartetek eta Nogen taldeen eskutik.
Egunean zehar ere EITBren Hiru3 gunea egongo da eta argazkiak ateratzeko aukera egongo da. Horretaz gain, janarirako txartelak erosi eta bazkaltzeko aukera egongo da kioskoaren inguruan.
3. gunea: Gernika Plaza / Panier
Gernika Plaza izango da jaiaren hirugarren gunea, bertan 11:00etatik aurrera puzgarriak egongo dira (euskal ludoteka, herri kirola, oihan tobogana, itsasontziak, txikitrena, barredora, jumping) eta jolas kooperatiboak ere.
4. gunea: Herriko Plaza
Laugarren gunea kontzertuen gunea izango da. Larunbatean 19:00etan Herriko plazan Nerabe taldeak kontzertua eskainiko du, giroa berotzen hasteko. Ekainaren 2an 13:00etan eMe taldearena kontzertua egongo, 15:00etan Ene Kantak konpainiaren ikuskizun eta antzerki musikala eskainiko da eta 17:00etan Izaki Gardenak taldearen kontzertua.
5. gunea: Foru Plaza
Foru Plazan egongo da jaiaren bosgarren gunea. 12:00etan Apaxi ipuin kontalaria izango da. Aipatzekoa da Apaxiren istorioak zeinu hizkuntzan jarraitu ahal izateko aukera egongo dela Eskuaire elkarteari esker. Ordu berean umeak garraiatzeko zapien tailerra eta buruko zapien tailerra eskainiko dira. Horretaz gain, 13:00etan Henna tailerra eskainiko dute Koldo Mitxelena eskolako amek. 15:00retan Mustaren perkusio tailerra egongo da, tinbalak jotzen ikasteko. 17:00etan Roberto Whitek txontxongilo ikuskizuna eskainiko du.
6. gunea: Ondartxo
Ondartxo gazte gunea izango da (alkoholik gabeko gunea hain zuzen ere). 11:30etan ergometroak frogatzeko aukera izango da (arrauna makinetan) eta skate erakusketa eta tailerra eskainiko du Life Style taldeak. 11:30tan eta 12:30etan DJ Txurru eta Asier Burguetek (Goazen-eko aktorea) musika pintxatuko dute eta 15:00retan dantza urbanoa egongo da. 16:00retan Aneguria arituko da abesten eta musika pintxatzen. Bestalde, egunean zehar graffiti erakustaldia, skate zirkuitoa, erakusketak eta kale animazioa egongo da.