Gizartea -

Epaiketa

9 hilabeteko zigorra eskatu dute Cabezudorentzat, artxiboak ezabatzen saiatzeagatik

Fiskaltzak prozesu-iruzur ahalegina egitea egotzi dio argazkilari donostiarrari. Argazkilaria behin-behineko espetxean dago, bere modelo batzuen kontrako sexu-delituak leporatuta.

Cabezudoren biktimen aldeko bilkura. Artxiboko argazkia: EFE
Kote Cabezudo argazkilariaren biktimen alde egindako bilkura bat. Artxiboko argazkia: EFE
Cabezudoren biktimen aldeko bilkura. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Fiskaltzak 9 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du Kote Cabezudo argazkilari donostiarrarentzat, web zerbitzari batean gordeta zituen artxibo batzuk Ertzaintzak eskuratu aurretik ezabatzen saiatzea egotzita. Hala, Donostiako epaitegi batek bere aurka irekita duen ikerketa oztopatzen ahalegindu zen.

Argazkilaria behin-behineko espetxean dago, bere modelo batzuen kontrako sexu-delituak leporatuta, epaiketaren zain. Kausa nagusitik berezitako atal bati dagokio epai hau, izan ere, modeloei egindako abusuak, iruzurra, sexu-abusua eta haur-pornografia egotzi dizkiote, besteak beste.

2014ko uztailaren 30ean, argazkilari donostiarraren etxea miatu zuen Ertzaintzak, haren ordenagailuan eta bestelako “gailu informatikoetan” auziarekin lotuta egon zitezkeen argazki edo bideo pornografikoak aurkitzeko asmoz.

Alabaina, Ertzaintzaren iritziz, akusatuaren etxean aurkitutako material pornografikoaz gain, bere lagun batek kudeatzen zuen web zerbitzari batean argazki eta bideo pornografiko gehiago zituen gordeta.

Hala, 2017ko urtarrilaren 29an, Ertzaintzak zegokion baimena eskatu zion epaileari, web zerbitzarian gordeta zituen eduki horiek eskuratzeko helburuarekin.

Cabezudok horren berri izan zuenean, bazekien auzitegiak ez ziela berehalako erantzuna emango agenteei. Orduan, web zerbitzari horretan gordetako edukiak berreskuratzeko erabiltzailea eta pasahitza gogora ekartzea eskatu zuen; bertan zituen argazki eta bideoak ezabatu eta auzia oztopatzeko asmoz.

Gauzak horrela, Fiskaltzak prozesu-iruzur ahalegina egitea egotzi dio argazkilari donostiarrari. Arrazoi horregatik, 9 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du harentzat.

Donostiako epaitegi batek bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Kote Cabezudo argazkilari donostiarrari, Justiziari oztopo egitea egotzita. Izan ere, modelo batek haren kontra deklaratu ez zezan, hura biluzik agertzen den argazki bat jarri zuen sare sozialetan. Argazki horretan, modeloaren gorputza pixelatuta agertzen zen, baina neska hori nor zen igarri zitekeen haren aurpegia ikusita.

Cabezudok helegitea jarri du Gipuzkoako Probintzia Auzitegian, eta ebazpenaren zain dago oraindik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak umeak Donostia albisteak Indarkeria matxista Epaiketak argazkiak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako telefonoa