Gizartea -

Iruñea

La Pamplonesa eta Luis Sabalza, 2019ko sanferminetako txupinazoa botatzeko hautagaiak

Iruñean erroldatutako guztiek dute aukera hautatzeko, maiatzaren 28tik ekainaren 10era, nor izango den aurtengo San Fermin jaiei hasiera emango dien arduradun.

La Pamplonesa eta Luis Sabalza dira hautagaiak, aurtengo txupinazoa botatzeko. Argazkia: EFE.
La Pamplonesa eta Luis Sabalza dira hautagaiak, aurtengo txupinazoa botatzeko. Argazkia: EFE.
La Pamplonesa eta Luis Sabalza dira hautagaiak, aurtengo txupinazoa botatzeko. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

La Pamplonesa Musika Banda eta Osasunako presidente Luis Sabalza dira hautagaiak 2019ko San Fermin jaietako txupinazoa botatzeko. Sanferminetako Mahaian dauden erakundeek aurkeztu dizkiote Iruñeko Udalari bi aukera horiek.

Bost erakundek proposatu dituzte hautagai horiek. Horietako lauk, alegia, Iruñeko Udaleko Gaiteroen Bandak, Iruñeko Lagun Taldeen Federazioak, Zabalguneko Bizilagunen Elkarteak, eta Gayarre Antzokiaren Fundazioak La Pamplonesaren hautagaitza aurkeztu dute; Entzierroaren Korrikalarien Elkarteak, aldiz, Sabalzaren hautagaitzaren alde egin dute.

Azkenean txupinazo botatzeko arduraduna nor izango den erabakitzeko, kontsulta bat egongo da zabalik, eta Iruñean erroldatutako guztiek izango dute aukera horretan parte hartzeko. Botoa emateko epea maiatzaren 28an hasiko da, hau da, datorren asteko asteartean; ekainaren 9ra arte izango da irekita Civivox sarean, aurrez aurreko botoa emateko, eta ekainaren 10era arte, bide elektronikoa edo telefonoaren bidez egin nahi dutenentzat. Ekainaren 11n emango du jakitera Udalak emaitza zein izan den.

La Pamplonesak, mende bat aurten

La Pamplonesa Musika Bandaren alde egin duten lau erakundeek nabarmendu dutenez, instrumental-elkarte horrek mende bat beteko du aurten; 100 urte horietan, musika jarri izan dio hiriari, eta, hain zuzen ere, sanferminetako musika jarri izan dio.

La Pamplonesak jaietako hainbat festa- eta protokolozko ekitalditan parte hartzen du, eta, horrez gain, “hainbat lagun-talderen ereserkiak eta Turrillas Maisuaren eta Silvanio Cervantes jaunaren eskutik sortutako sanferminetako zenbait partitura” hautagaia den bandarekin zorretan daude.

Musika Bandak, halaber, urte osoan egiten du lan herri-musika eta musika sinfonikoa zabaltzeko asmoarekin, bai Gayarre Antzokiaren agertokietatik, bai eta interpretatzaile gazteentzako prestakuntza-programen bidez ere.

Musika-arloan egiten duen lanaren ikuspegi soziala ere goraipatu dute; izan ere, zenbait erakunderekin batera aritzen da La Pamplonesa, kontzertuak antolatuz, edo erakunde horiek bultzatutako zenbait kanpaina babestuz.

Sabalza, sei urtez Osasunako presidente

Entzierroaren korrikalariek, berriz, Luis Sabalza Iriarteren alde egin dute. 2014tik, Osasunako presidentea da. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Osasunak, egun, “60 milioi euro baino gehiago ditu, eta egunean dago ordainketa guztiekin”; hau da, onbideratu egin du Osasunaren ekonomia, El Sadar futbol-zelaia birmoldatu aurretik.

Gainera, Sabalzak, epaitegian salaketa jarriz, “Osasuna Auzia” deritzona ahalbideratu zuen; klubean izandako hainbat zuzendariren eta presidenteren aurkakoa da, eta horren ebazpena oraindik ez dute jakitera eman.

Azkenean, proposamena egin dutenek diotenez, Luis Sabalza Osasunako presidente egon dela, emakumeek eta desgaitasuna duten pertsonek aukera handiagoa izan dute kirolean parte hartzeko, emakumezkoen taldeari eta Liga Genuinekoari esker, hurrenez hurren. Hori gutxi balitz, emakumezkoen taldeak Lehen B Mailarako igoera erdietsi du, eta gizonezkoen taldeak, aldiz, Lehen Mailarako igoera, bi aldiz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasuna Iruñea gaur Nafarroako albisteak Sanferminak Sanferminen joko online Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak Jai egitaraua: San Fermin Sanferminetako entzierroa Iruñeko Udala albisteak