Gizartea -
4 urteko espetxe zigorra
Gizon bat zigortu dute Iruñean emakume bati sexu-abusuak egiteagatik
Logela ilun zegoenez eta biktimak ez zituenez betaurrekoak jarrita
eitb.eus
Nafarroako Auzitegiko Lehen Atalak lau urteko kartzela-zigorra ezarri dio 30 urteko gizon bati Iruñean, emakume bati sexu-abusuak egiteagatik. Gizonak azpijoko maltzurra erabili zuen emakumearekin sexu harremanak izateko. Auzitegiak 13.000 euroko kalte-ordaina ere ezarri dio auzipetuari.
Epaileen arabera, 2017ko uztailaren 10ean, 14:00 aldera, auzipetua eta haren lehengusua Labriteko inguruetara joan ziren eta bi emakumerekin zegoen lagun batekin topatu ziren.
Guztiak parranda egin eta alkoholdun edariak hartu zituzten, 06:00ak arte. Ondoren, akusatuaren lehengusuak hirurak etxera joatea proposatu zion emakumeetako bati.
Etxean zeudela emakumeak "sexu harreman baimenduak" izan zituen akusatuaren lehengusuarekin. handik 20 edo 25 minutura jantzi ziren eta gizona logelatik atera eta akusatuari ohera lo egitea joan zitekeela esan zion, emakumeak alde egingo baitzuen.
Auzipetua erabat ilun zegoen logelan sartu eta ohean etzan egin zen. "Sexu harremanak izateko asmoarekin eta nor zen esan barik emakumearen ondoan jarri eta marruskatzen hasi ziren". Emakumeak uste zuen aurreko gizona logelara itzuli zela sexu gehiago izateko.
Gaur zabaldutako epaian jasotakoaren arabera, emakumeak ez zituen betaurrekoak jarrita eta, horrenbestez, ezin zuen ondo bereizi nor zegoen logelan erabat ilun zegoen eta. Biek arropa kendu eta sexu harremanak izaten hasi ziren.
Bat-batean, gizonak gorpuzkera ezberdina zuela konturatu zen emakumea eta sakelako telefonoarekin argiztatzen saiatu zen, baina gizonak ez zion utzi. Orduan, bere izena galdetu zion, eta auzipetuak lehengusuaren izena eman zion.
Ahotsak ezberdinak zirela konturatzean, argia piztu eta berehala arropa jantzi zuen; logelatik haserre atera zen eta bi gizonei salaketa jarriko ziela ohartarazi zien.
Auzitegiko Lehen Atalaren arabera, "biktimaren adierazpenek sinesgarritasun osoa dute, erabat sinesgarriak eta koherenteak baitira".
Horrenbestez, epaileen arabera, akusatua "aukeraz baliatu zen eta ez zion emakumeari esan nor zen. Halaber, ez zion galdetu berarekin harreman sexualak izan nahi ote zituen".
___________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.