Gizartea -
Epaitegiak
Donostiako jipoian erasotzaile gehiago izan zirela esan du espetxeratutako batek
Gertatutakoa ikertzen ari den epaitegian ordu eta laurden eman du gazteak, berak eskatuta. Hasiera batean, apirilaren 29an, egindako deklarazioa xehetasun gehiagorekin osatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako jipoiagatik sei gazte espetxean dira. Auzipeturik ez dauden beste pertsona batzuek erasoan parte hartu zutela esan du horietako batek asteazken honetan. 17 urteko Santiago Coca jipoitu zuten. Adingabea bi egun geroago hil zen.
Auziko iturriek jakitera eman dutenez, gertatutakoa ikertzen ari den Donostiako Instrukzio-epaitegian ordu eta laurden eman du gazteak, berak eskatuta. Hasiera batean, apirilaren 29an, egindako deklarazioa xehetasun gehiagorekin osatu du.
Era berean, beste bost gazte behin-behineko espetxealdian dira. Zazpigarren bat, ordea, kautelazko neurriekin aske utzi zuten, Guardiako Epaitegian deklaratu ondotik.
Iturriek azaldu dutenez, agerraldian zehar gaztea "damuturik" azaldu da, hildakoaren familiari "barkamena" eskatu dio eta bere bertsioa eskaini du. "Borroka" bat izan zela adierazi du.
Testigantzan "borrokan" parte hartu izana aitortu du gazteak, baina gau hartan "inor astintzeko" asmoarekin atera ez zela azpimarratu du, lagunekin batera "festarako" baizik. "Ez zuten horrela bukatu nahi", zehaztu du.
Hasierako testigantza osatzea eskatu du gazteak, hasiera batean "ikaraturik", ez zegoelako "prest", eta horregatik "azalpen gutxi" eman zituen, iturriek zehaztu dutenez.
Horrela, asteazken honetan datu berriak eman ditu, "bere bertsioa aldatu barik". Jarrera "kolaboratzaileagoa" izan du, gertakarietan "nortzuk parte hartu" eta "nola parte hartu" zuten azalduz.
Zentzu horretan, zonaldeko segurtasun kamerek grabatutako irudietan "pertsona ugari borrokan ari direla bistakoa da", nabarmendu du. Ia minutu bateko iraupena du, eta "bera" 30. segundoan agertzen da, baina "borrokak jarraitzen du".
Hala ere, biktimak jasotako kolpe batzuen egilea izatea onartu du, baina adingabea erortzen ikusi ez zuela defendatu du. "Kolpeen ondorioz" erori zenik ere ez du baieztatu nahi izan. "Inoren ostikorik" ikusi ez zuela gaineratu du.
Ikerbidean, datozen egunetan gertakarien bi lekuko berri galdekatzea espero da. Bestalde, datorren astean hildakoaren anaiak agerraldia egingo du; izan ere, hasieran batean ezin izan zuen lekukotzarik eman, gertatutakoarekin jota zegoelako.