Gizartea -
Memoria historikoa
Franco diktadorea seme adoptatua da oraindik Nafarroako lau udalerritan
Nafarroako Gobernua lanean egon da frankismo garaiko ohorezko aipamenak aurkitu nahian, eta, besteak beste, Esteribar, Irunberri, Martzilla eta Miranda Arga herrietan aurkitu ditu.
agentziak | erredakzioa
Francisco Franco diktadorea seme adoptatu eta kutuna da oraindik Nafarroako lau udalerritan. Hain zuzen ere, Esteribarren, Irunberrin, Martzillan eta Miranda Argan, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. Udalak jakinaren gainean daude.
Frankismo garaiko seme adoptatuak eta kutunak, ohorezko alkateak eta urrezko dominak bilatu ditu Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak, eta Nafarroako ia 30 udalerriren aktak aztertu dituzte horretarako.
Agirietan miatu ostean, ohorezko aipamenak 17 udalerritan aurkitu dituzte indarrean, Esteribar, Irunberri, Martzilla eta Miranda Arga udalerrietan.
Nafarroako Gobernuaren arabera, aitorpen horien % 75 eta % 85 bitartean kendu dituzte azken hilabeteetan.
Horrez gain, ikerketa lanak ere 1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpearen ostean 1936 eta 1937. urteetan hartutako udal-erabaki batzuen berri jasotzea ekarri du. Los Arcosko, Martzillako eta Ribaforadako udal-erabaki horien arabera, herritar batzuk kanporatu zituzten, Gobernuaren aurka altxatu ziren indarrak babestu ez zituzten alderdi politikoen aldekoak zirelako. Hiru herri horietako bizilagunak “gorrotagarriak” eta “ordena publikorako mehatxu” ziren . Ondorioz, Gobernuak hitzarmen horiek bertan behera uzteko eskatu du, “kolpe militarra babestu zutenen ideiak ez izate hutsagatik errepresioa jasan zuten familiei erreparazioa emateko”.