Gizartea -

Epaiketa

Gasteizko Mercedes lantegiko zuzendariak ukatu egin du ausarkeriaz gidatu izana

Emilio Titos eta haren semea epaitu dituzte gaur, 2016ko irailean, Herreran, istripu bat eragitegatik. Fiskaltzak 15 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du bientzat.

Emilio Titos Gasteizko Mercedes lantegiko zuzendaria akusatuen aulkian. Argazkia: EFE
Emilio Titos Gasteizko Mercedes lantegiko zuzendaria akusatuen aulkian.
Emilio Titos Gasteizko Mercedes lantegiko zuzendaria akusatuen aulkian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emilio Titos Espainiako Mercedes-Benz enpresako eta Gasteizko lantegiko zuzendari nagusia eta haren semea epaitu dituzte gaur Arabako hiriburuan ausarkeriaz gidatuta istripu bat eragitea egotzita.

Fiskaltzak 15 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du bientzat, baita hiru urte eta erdirako gidabaimena kentzea ere. Defentsako abokatuak, ostera, absoluzioa galdegin du.

Gertakariak 2016ko irailaren 23an jazo ziren, Herrerako mendatean. Aita-semeak zilindrada handiko bi autotan zihoazen. Ibilgailuak Gasteizko lantegian antolatutako erakusketa baterako ekarri zituzten eta bezperan "probatzea" pentsatu zuten.

Fiskaltzaren arabera, Urizaharran, A-2124 errepidean, gehiegizko abiaduran joan ziren eta ibilgailu bat araudia errespetatu gabe aurreratu zuten, kontrako noranzkoan zetorren auto bati istripua eraginez. Ibilgailua erabat suntsituta geratu zen eta gidaria zauritu egin zen. Hala ere, aita-semeak ez ziren geratu eta aurrera jarraitu zuten.

Gaurko saioan, Mercedeseko zuzendariak ukatu egin du ausarkeriaz eta lasterketa baten egongo balira bezala gidatu zutenik, eta erantsi du ez zela ohartu istripu bat eragin zuenik. Semeak bertsio bera defendatu du.

Alabaina, salatzaileak kontrakoa adierazi du. Abiadura handian eta seinaleak errespetatu gabe zihoazela kontatu du, eta autoetako batekin talka egitea saihesteko, ezustean galgatu behar izan zuela eta, ondorioz, errepidetik atera zela gaineratu du. Nolanahi ere, bi akusatuak ez zirela gelditu esan du.

Gizonak ezin izan du identifikatu bietako zeinek gidatzen zuen istripua eragin zuen ibilgailua. Ezbeharra gertatu eta hilabete batzuetara, kasua artxibatzear zegoela eta auto horien gidariak Titos aita-semeak zirela jakin zuenean, salaketa jartzea erabaki zuen.

Mercedeseko zuzendariak onartu du biktima berarekin harremanetan jartzen saiatu zela eta honek "beste gune babestuago batean" hitz egiteko gonbita luzatu ziola, baina gonbidapen hura "xantaiatzat" hartu zuen eta "joko horretan ez sartzea" erabaki zuela azpimarratu du, hau guztia bere aurkako azpijoko bat dela iradokiz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Araba Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Mercedes Benz