Gizartea -
Maiatzak 19
Dena prest Lekeition igandean Ibilaldia hartzeko
Lekeitioko Azkue ikastolak antolatu du aurten Ibilaldia, 40.a. Dantza, herri kirolak, ikastaroak, haur jolasak eta kontzertuak izango dira egun osoan bertan: Izaki Gardenak, Nogen, Esne Beltza…
eitb.eus
“Haratzago” lelopean, 2,5 kilometroko ibilbidea prestatu dute 2019ko Ibilaldiaren antolatzaileek, Azkue ikastolaren arduradunek, maiatzaren 19rako Lekeition, Bizkaiko ikastolak babeste aldera kostaldeko herrira bertaratzen direnen gozagarri.
Bide horretan, lau gune izango dira, HA (Azkue ikastola), RA (Plaza-parkea eta portua), TZA (Eiguren “sekaderua”) eta GO (Santa Katalina faroa), eta hamaika jarduera eskainiko dituzte berorietan.
HA gunean, hasiera ekitaldia egingo dute 10:00etan, eta "Gu ta Gitarrak" ikuskizuna (14:30), "Ez da Kasualitatea" bertso musikatuen emanaldia eta Aiko dantza taldearen saioa izango dira, besteak beste.
Musikari dagokionez, TZA eta GO guneetan izango dira kontzertu nagusiak. Lehenengo horretan, Nabil, Izaki Gardenak eta Nogen arituko dira, 14:30ean hasita; GO espazioan, berriz, Hara, Esne Beltza eta Sustrajah Band arituko dira, ordu berean hasita.
Autobus zerbitzu etengabea egongo da Lekeitio Ispasterko aparkalekuarekin eta Trañarekin lotzeko.
“Eragile moreak”
Bizkaiko ikastolen aldeko jaia aurkezteko prentsaurrekoan azaldu dutenez, Ibilaldiaren egunean lanean egongo direnek eraso sexisten aurrean jarduteko protokolo baten berri jaso dute, eta hainbat boluntariok “eragile more” gisa egingo dute lan: erasoak prebenitzeko lanean arituko dira, txaleko more bat soinean dutela.