Gizartea -
AEBak
Hasi da Pablo Ibarren aurkako epaiketaren azken fasea
Herri-epaimahaiak heriotza-zigorra ala biziarteko kartzela-zigorra ezartzeko gomendioa egin beharko dio epaileari. Maiatzaren 22ra arte izango dute erabaki bat hartzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Gaur, maiatzak 15, hasi da Pablo Ibarren kontrako epaiketaren azken fasea. Heriotza-zigorra ala biziarteko kartzela-zigorra ezartzeko gomendioa ematea erabaki beharko du herri-epaimahaiak.
Fiskaltzak eta Defentsak aurkako eta aldeko argudioak eta lekukoak, hurrenez hurren, aurkeztu ahal izango dituzte gaurtik aurrera. Bestalde, epaileari gomendioa emateko maiatzaren 22ra arte izango du herri-epaimahaiak.
Heriotza zigorra ezartzekotan, aho batez hartu beharko du erabakia epaimahaiak.
Laugarren epaiketaren ahozko fasea azaroaren 26an hasi zen Fort Lauderdaleko auzitegietan, Miamitik 40 kilometro iparraldera. Herri-epaimahaiak aho batez errudun jo zuen Ibar 2019ko urtarrilaren 19an.
Sei kargu egotzita jo zuten errudun Ibar errudun: Casimir Sucharskiren, Sharon Andersonen eta Marie Rogersen hilketak eta armak erabiliz egindako lapurreta 1994ean izan ziren hilketak.
Heriotza-zigorraren aukera alde batera uztea eskatu du Ibarrren defentsak
Adin txikiko bere bi semeen nazioarteko giza eskubideen baitan, heriotza-zigorra ezartzea "debekatzea" eskatu dio Pablo Ibarren defentsak Floridako estatuari.
Ibarren abokatuek atzo aurkeztutako mozioaren arabera, Tanya Ibarrek, Pablo Ibarren emazteak, adin txikiko bi seme ditu (7 et 12 urtekoak) eta "bera aita gisa onartzen dute".
Haurraren Nazioarteko Konbentzioan eta Eskubide Zibil eta Politikoen Konbentzioan oinarritu dira helegitea aurkezteko.
"Adin txikikoak bereziki ahulak edo zaurgarriak dira trauma emozional eta psikologikoetara", azaldu dute.
Semeari heriotza-zigorra ezartzeko, "fiskalak eginahalak" egingo dituela jakin badaki Candido Ibar Pabloren aitak, baina azkenean ez duela lortuko uste du, Radio Euskadin adierazi duenez. "Heriotza-zigorra ez dela izango uste dut edo nahi dut, biziarteko kartzela-zigorra baizik. Ez da oso ona, baina, bi aukeren artean, onena da", ziurtatu du.
Andres Krakenberger Pablo Ibar Heriotza Zigorraren aurkako Elkarteko bozeramailea, aldiz, ez da uste berekoa. Epaiketaren fase honetatik heriotza-zigorra atera daitekeela uste du. Hala eta guztiz ere, erabaki hori zein bestea errekurrituko dutela iragarri du.
Azaldu duenez, "bekatu originala" ekainaren 19ko epaia izan zen. "Harrigarria, onartezina, ulertezina da, epaiketan ikusi zena errundun jotzeko nahikoa izan ez zelako", nabarmendu du.
Krakenbergerren ahotan, "sintomatikoa da aurreneko lanegunean, berehala, goizeko lehen orduan, zinpeko batek deitzea eta erabakian atzera egin nahi duela esatea, botoa presiopean eman zuelako".
"Eta epaileak, epaiketa guztia baliogabe utzi beharrean, hori egin behar izan zuelako, epaimahai berri batekin berriz hasteko, sententzia babestu, aurrera egin eta fardela lehenbailehen paretik kentzea erabaki zuen", gaineratu duenez.
Krakenbergerren ustez, epaimahaiak heriotza-zigorra ezartzeko gomendioa ematen baldin badu, ez dirudi Dennis Bailey epaileak zigorra murriztuko duenik, nahiz eta horretarako eskumena izan. "Epaimahaitik ateratzen dena, ondoren behin betiko sententzia izango da ia seguru", erantsi du.
Pablo Ibarri heriotza-zigorra ezartzen baldin badiote, helegitea Floridako Auzitegi Gorenaren aurrean planteatuko lukete. Biziarteko kartzela-zigorra izango balitz, Floridako Laugarren Barrutiko Apelazio Auzitegian errekurrituko lukete.
Instantzia horretan aurrera egiten ez badu, Auzitegi Gorenera joko dute. Azken baliabide bezala Jurisdikzio Federala legoke. Hala ere, apelazioa onartuko dutela uste du Pablo Ibarren familiako bozeramaileak.
25 urte preso, horietatik 16 heriotza-korridorean
Pablo Ibarrek 46 urte ditu eta 25 urte daramatza preso; horietako 16, heriotza-korridorean. Errugabea dela esan du hasieratik.
Bere aurkako lehen epaiketa baliogabea izan zen, epaimahaiko kideak ez zirelako ados jarri. 2000. urtean errudun jo zuten, eta heriotza zigorra ezarri zioten.
Heriotza korridorean izan zen, 2016ean Floridako Auzitegi Nagusiak zigorra baliogabetu eta epaiketa berriz egitea agindu zuenean, defentsa desegokia izan zuelakoan eta froga ahul eta urriren bitartez zigortua izan zelakoan.