Gizartea -
Mugimendu feminista
Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak aurkeztu dituzte Durangon
Azaroaren 1etik 3ra bitartean egingo dituzte, Durangon bertan, "Salda badago" lelopean. Hamaika urte dira Portugaleten egindako aurreko jardunaldietatik.
EITB.EUS
Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak egingo dituzte Durango datorren azaroaren 1etik 3ra, larunbat honetan Bizkaiko udalerri horretan izandako aurkezpenean Euskal Herriko Mugimendu Feministak jakitera eman duenez. "Salda badago" lemapean egingo dituzte jardunaldiak, borrokarako "lehengaia" dagoelako uste baitu.
Hamaika urte dira Portugaleten egindako aurreko jardunaldietatik. "1.300 feminista elkartu ginen, eta prest gaude garaiak eskatzen digun erronkari heltzeko. Beraz, gure arteko adostasunak berretsiko ditugu azaroan, berriak ere eraikiko ditugu eta baita datozen urteetarako estrategiak adostu ere", adierazi dute Euskal Herriko Mugimendu Feministaren bozeramaileek.
Jardunaldiak bost alorretan egongo dira antolatuta: mugimendu feministaren barne egitura, bizitzak erdiguneratzeko neurriak, indarkeriarik gabeko bizitzen eraikuntza, sexualitatea eta gorputzaren merkantilizazioa. Aurten inflexio-puntua izatea nahi dute.