Gizartea -
BARAKALDO
Zumarragako zentroan sartu dute Barakaldon gizon bati eraso egin zion adin txikikoa
Gernikako Arbola kaleko parke baten gizon bati kuter batekin eraso egitea leporatzen diote adingabeari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Adingabeen Fiskaltzaren aurrean deklaratu ostean, Zumarragako adingabeen zentroan sartu dute asteazkenean kuter batekin beste gizon bati Barakaldon eraso egin zion 17 urteko adin txikikoa, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Asteazkenean bertan atxilotu zuen ustezko erasotzailea Ertzaintzak, hain zuzen ere, erasoaren berri izan eta ordu gutxira. Barakaldoko etxebizitza batean gizon bat arma zuriz zaurituta zegoenaren abisua jaso ostean, anbulantzia bat eta ertzainak bertaratu ziren.
Zaurituak ertzainei kontatukoaren arabera, Gernikako Arbola kaleko parke batean gertatu zen erasoan, banku batean eserita zegoela. Antza denez, ezagutzen zuen eta aurrez ere berarekin istiluren bat izan zuen gizon bat bere aurretik igaro zenean, eztabaidan hasi ziren eta une batean kuter batekin bularrean eraso egin zion, zauria eraginez.
Erasotzaileak ihes egin zuen eta, bien bitartean, zauritua, senide baten laguntzaz, bere etxera joan zen. Handik larrialdi zerbitzuei gertatutakoaz ohartarazi zien. Bertaratutako osasun langileek artatu bazuten ere, azkenean Gurutzetako ospitalera eraman zuten.
Biktimaren informazioa aintzat hartuta, ertzainak erasotzailearen bila hasi ziren eta 21:00ak aurretik Elkano kalean aurkitu zuten.