Gizartea -

Nafarroa

Kamioilari bat salatu dute Sunbillan heroina eta kokainaren eraginpean gidatzeagatik

Kamioiaren barruan heroina atzeman zioten, gainera. Hortaz, bi arau-haustegatik salatu dute: drogen eraginpean gidatzeagatik eta drogak edukitzeagatik.

Sunbillan geldiarazitako kamioia. Argazkia: Foruzaingoa
Sunbillan geldiarazitako kamioia.
Sunbillan geldiarazitako kamioia. Argazkia: Foruzaingoa

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foruzaingoak 40 urteko kamioilari baten kontrako salaketa jarri du drogen eraginpean gidatzeagatik. NA-121A errepidean, Sunbilla parean, kontrol batean gelditu zuten gidaria, eta positibo eman zuen kokainan eta heroinan. Horrez gain, agenteek heroina atzeman zuten kamioiaren barruan, eta horregatik ere salatu zuten.

Foruzaingoak ohar batean jakinarazi duenez, Herritarren Segurtasunerako agenteek susmo txarra hartu zioten kamioilari bati, eta drogen proba egitean, gidariak positibo eman zuen kokainan eta heroinan. Gainera, kamioiaren kabina miatzean, gidariaren kontsumo propiorako zen heroina atzeman zuten agenteek.

Hori horrela, kamioia geldiarazi zuten eta gidariaren kontrako bi salaketa jarri zituzten: lehenengoa, drogen eraginpean gidatzeagatik —1.000 euroko isuna eta gidabaimeneko sei puntu kentzea— eta bigarrena, drogak edukitzeagatik. Nafarroako Gobernuaren Barne Kontseilaritzak azken horren balorazioa egin behar du, baina 601-30.000 euroko isuna ezar diezaiokete.

Kamioiak 31 tona merkantzia zeramatzan, besteak beste, aeronautika piezak, tranbietarako osagaiak, arropak, kobrea eta hariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Nafarroa Drogak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Foruzaingoa Merkantzia-garraioari buruzko albisteak