Gizartea -

Eusko Legebiltzarra

Eskoletako jantokien inguruko ikerketa batzordea, geldi hauteskundeak pasa arte

Maiatzaren 26ko hauteskundeen ostean berriz biltzea proposatu du batzordeko presidenteak; ondorioz, hitzordua maiatzaren bukaeran edo ekaineko lehen astean izango da.

Eskoletako jantokien inguruko ikerketa batzordea. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Eskoletako jantokien inguruko Eusko Legebiltzarreko ikerketa batzordea.
Alderdi Popularrak EAJ eta PSErekin adostuta zeukan idatzia ez babestea erabaki du

1:09

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jantoki publikoetako kartelaren inguruko ikerketa batzordeak lana etetea erabaki du astelehen honetan. Horrela, hauteskundeak pasa arte ez da berriz bilduko, ondorio agiriaren inguruko adostasun bat lortzeko saiakeran.

Larraitz Ugarte (EH Bildu) presidenteak egindako behin-behineko txostena, EAJ, PSE eta PPren osoko zuzenketa eta Elkarrekin Podemosen zuzenketak astelehen honetan bozkatu behar zituen Eusko Legebiltzarreko batzordeak.

Hala ere, osoko zuzenketaren sinaduran atzera egin du goizean Alderdi Popularrak. Ugarteren ondorioak leuntzen zituen osoko zuzenketak. PPren ahotan, "Eusko Jaurlaritzaren edozein erantzukizun politiko saihestu nahi dute, diru-kutxa publikoari eta familia askori kalte ekonomiko larria egin dien gai batean".

Maniobra horrekin ez zen agiririk onartu behar, eta ondorioz, hilabeteetan entzundako agerraldiak eta informazioa laburbilduko zituen testu barik itxi behar zuten ikerketa batzordea.

Hori gertatzeko arriskua ikusita, maiatzaren 26ko hauteskundeen ostean berriz biltzea proposatu du batzordeko presidenteak; ondorioz, hitzordua maiatzaren bukaeran edo ekaineko lehen astean izango da.

Ordu erdiko bilera amaitu ondotik, mahai gainean dauden testuek "antzekotasun ugari" dituztela azaldu die Ugartek kazetariei. Zentzu horretan, alderdiak "ez daude antipodetan", erantsi duenez. Horregatik, akordioa adosteko auken inguruan "baikor" agertu da batzordeko presidentea.

"Seriotasun eta sinesgarritasun falta eta PPren estrategia", salatu ditu EAJk. Jeltzaleen hitzetan, Alderdi Popularraren Euskadiko zuzendaritzak Borja Semper eta Juana Bengoetxea, zuzenketa sinatu zuten bi legebiltzarkideak, "ezeztatu" ditu. "Bulkadako irizpide politikoekin Eusko Jaurlaritza ahuldu nahi dute soilik", kritikatu du EAJk.

"Legebiltzarraren lanarenganako eta akordioenganako errespetu falta" leporatu dio PSEk PPri. Sozialisten esanetan, Alderdi Popularrak, EAJk eta PSEk apirilaren 11n osoko zuzenketa sinatu zutenetik, PPk ez du "inolako erreparorik" azaldu.

Jose Ramon Becerra Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak "batzordea gaizki itxi" baino akordioa bilatzea nahiago du. Azkenik, "prozeduraren eta edukiaren alde batzuk argitzeko" denbora hartzea ongi ikusten duela adierazi du PPk.

70 milioi euroko gainkostua 2013tik

Enpresen kartelak eskoletako jantokien merkatua banatu eta prezioak adosten zituela uste du Ugarteren txostenak. Horrela, 70 milioi euroko gainkostua eragin zuen 2013tik. Nahiz eta enpresen eta Eusko Jaurlaritzako arduradunen arteko "hitzartzerik" ez ikusi, "Administrazioari moteltasuna" egotzi dio Ugarteren txostenak.

EAJk, PSEk eta PPk sinatutako testuan, Ugarteren ondorioak leuntzen dituzte, baina "kontrol mekanismo nahikorik arautu" ez zela berretsi zuten, baita "diru-kutxa publikoei eta herritarrei egindako kalte ekonomikoa" onartu ere, nahiz eta diru kopururik ez zehaztu. Era berean, Exekutiboaren "lankidetzarik edo hitzartzerik" izan ez zela azpimarratu zuten.

Elkarrekin Podemosen arabera, gainkostua 70,8 eta 80,2 milioi artekoa izan zen. Gainera, Jaurlaritzako hainbat kargudunen "erantzukizun politikoa frogatutzat" jo du, "geldotasun" eta "erantzun faltagatik".

Astelehen honetako batzordean ez zen proposamenik aurrera atera behar, orain taldeek gutxienez hiru aste izango dituzte jarrerak hurbiltzeko eta testu bat adosteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Umeak