Gizartea -

ZIENTZIA

Emakume ikertzaileen lana aitortu du Ikerbasquek

Euskal Herriko 'emakume ikertzaileak bistaratzea' da sari berri hauen helburua, belaunaldi berrien eredu eta inspirazio izan daitezen.

Arriortua, Lopez Cortajarena eta Garcia Vergniory, Jaurlaritzako eta Ikerbasqueko ordezkariekin.
Ikerbasque
Ikerbasquek 3 emakume zientzialari saritu ditu

1:26

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Isabel Arriortua, Aitziber Lopez-Cortajarena eta Maia Garcia Vegniory ikertzaileek Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioaren aitortza jaso dute gaur, ikerketaren eta zientziaren alorrean egin duten eta egiten ari diren lanagatik.

Bilbon egin den sari banaketa ekitaldian, besteak beste, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa izan dira.

Emakume zientzialarien lana aitortzeko sarien lehen edizio honetan, hiru atal bereizi dira: ibilbide zientifikoa, ikerketa esparru batean izandako lidergoa eta emakume ikertzaile gazte batek egindako ekarpen nabarmena.

Hala, ibilbide zientifiko osoaren aitorpena Maria Isabel Arriortuarentzat izan da. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kristalografia eta Mineralogiako katedraduna da 1992tik, eta besteak bete, EHUn katedra lortu zuen lehen emakumeetako bat izan zen.

IMaCris/MaKrisI ikerketa-taldea sortu zuen eta aitzindaria izan da ingurumen nahiz energiaren esparruan aplika daitezkeen sistema multifuntzionalei buruzko ikerketan. 2010ean, Euskadiko Ikerketa Saria jaso zuen Zientzia eta Teknologia alorrean, eta 2012an, Zientzien, Arteen eta Letren Euskal Akademiako (Jakiunde) kide oso izendatu zuten.

Aitziber Lopez-Cortajarena (1974) proteinen ingeniaritzaren arloan lortutako lidergoagatik aitortu dute. EHUn Biokimikan doktoratu ondoren, zazpi urte egin zituen Estatu Batuetako Yale Unibertsitatean, proteinen diseinu, egitura eta funtzioei buruzko ikerketak egiten.

2011n Europara itzultzea erabaki, eta ikerketa-taldea sortu zuen Madrilgo IMDEA-Nanozientzia zentroan, nanoegitura biofuntzionalen sorkuntzarako proteinak diseinatzeko.

2016an, CIC biomaGUNE zentroan Nanoteknologia Biomolekularreko taldea zuzentzen hasi zen.

Azkenik, Maia Garcia Vergniory material topologikoen esparruan egin duen ekarpen nabarmenagatik aitortu dute. Materia kondentsatuaren fisikan doktoratu zen EHUn, eta Estatu Batuetako Lawrence Berkeley National Laboratory zentroan doktorego ondoko egonaldia egin zuen.

Egun, Ikerbasqueko ikertzaile gisa ari da material topologikoei buruzko ikerketa egiten.

Zientziaren Euskal Fundazioaren arabera, Euskal Herriko emakume ikertzaileak bistaratzea da sariaren helburua, belaunaldi berrien eredu eta inspirazio izan daitezen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza EHU Deustuko Unibertsitatea Nafarroako Unibertsitatea Nafarroako Unibertsitate Publikoa Mondragon Unibertsitatea Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Hezkuntza