Gizartea -
Europa, migrazioaren aurrean
Migrazioaren erronkari elkarlanean erantzuteko eredua proposatu dute 8 administraziok
EAEk, Nafarroak, Kataluniak, Melillak, Kanariek, Euskal Hirigune Elkargoak, Akitania Berriak eta Atikak egin dute bat Share Proposamenarekin.
EITB.EUS
Europar Batasuneko zortzi eskualdeetako gobernuek, tartean Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, Share Proposamenarekin egin dute bat. Ekimenaren asmoa "migrazioaren erronkari elkarlanean erantzutea da", Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak eta Lide Amibilia Gizarte Politiketako sailburuordeak azaldu dutenez. Besteak beste, gurasorik gabe heldutako adingabeak hobeto artatzea ekarriko luke, Euskadira helduko liratekeen kopurua aldez aurretik zehaztuta, "beharrezko dispositiboak prest" izateko aukera izango lukeelako Jaurlaritzak.
Biek ala biek prentsaurrekoa eskaini dute gaur Gasteizen proposamena aurkezteko. Aldi berean, ekimenarekin bat egin duten beste zazpi administrazioetako ordezkariek ere agerraldiak egin dituzte. Hauek dira, oraingoz, proposamena sinatu duten gobernuak: Nafarroa, Kanariak, Katalunia, Melilla, Euskal Hirigune Elkargoa, Akitania Berria eta Atika. Beste 20 gobernu Proposamenarekin bat egitea aztertzen ari dira.
Fernandezek eta Amilibiak nabarmendu dutenez, migrazioaren erronkaren errealitate zailenen aurrean erantzukizunaren banaketa partekatzea proposatzen du Sharek. Esfortzuaren banaketa hiru parametroren arabera banatu dute: sarrera fiskalak edo Batez Besteko Errenta Eskuragarria edo BPG —% 50eko pisuarekin—, biztanleria — % 30eko eraginarekin— eta langabezia-indizea —% 20rekin—. Proposamen hori abiapuntua dela argitu dute, eta pisuaren ehunekoak aldatzeko prest agertu dira, betiere adostasunik zabalena erdieste aldera.
2.000 errefuxiatu eta gurasorik gabe heldutako 1.000 adingabe hartu ditu EAEk
Jaurlaritzak irailean aurkeztu zien Share plana 20 gobernuri, eta ordutik hainbat bilera eta hartu-eman izan ditu. Hori horrela, otsailaren 27an lehen batzar bat egin zuten Bilbon, eta apirilaren 2an bigarrena Bruselan. Aurkezpen ofizial eta bateratua Europako hauteskundeetarako 20 egun falta direnean egin dute.
Fernandezen esanetan, orain Europako erakundeei eta Estatuetako gobernuei aurkeztuko diete. Dena dela, Fernandezek esan du Espainiako Gobernuak ezagutzen duela Share Proposamena, eta migrazio kontuetan "erreferentzia moduan" erabiltzen duela jada.
Giza Eskubide eta Bizikidetzako idazkari nagusiak jakinarazi duenez, "migrazio krisia hasi zenetik, Euskadik 2.000 bat errefuxiaturi eskaini die arreta. Azken urteetan, 10.000 migratzaile normaltasun osoz integratu dira Euskadiko bizitza sozialean eta lan munduan".
Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak erantsi du gurasorik gabe heldutako 1.000 adingabe daudela hiru aldundiek kudeatutako zentroetan, eta EAEko biztanleen % 9,4 atzerritarrak direla.