Gizartea -

PROTESTA

Jendetza batu da Donostian, ehizaren alde

Jose Angel Zaldua Gipuzkoako Ehiza Federazioko presidentearen hitzetan, 'ingururugiroa zaintzeko' ezinbestekoa da ehiza.

Ehizaren aldeko manifestazioa, Donostian, gaur. Argazkia: Euskadi Irratia.
Ehizaren aldeko manifestazioa, Donostian.
Ehizaren aldeko manifestazioa, Donostian, gaur. Argazkia: Euskadi Irratia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehizaren aldeko manifestazio jendetsua egin dute gaur eguerdian Donostian. Gipuzkoako Ehiza Federazioak antolatu du protesta, eta horren arabera, 15.000 mila bat pertsona bildu dira, erakundeen "utzikeria" salatzeko eta ehizaren aldeko politikak eskatzeko.

'Euskadin ehiza bai' lelopean, Antiguoko tuneletik abiatu da manifestazioa, eta Donostiako erdigunea zeharkatu du, festa giroan.

Gipuzkoako ehiztariak greban daude, ez baitaude ados erakundeek hartutako hainbat neurrirekin, ez eta "ehizari eman nahi zaion ikuspegi negatiboarekin". Beraien jarduera beharrezkoa dela aldarrikatzen dute.

Gipuzkoa plazan amaitu da martxa, Foru Aldundiaren parean. Bertan, Jose Angel Zaldua Gipuzkoako Ehiza Federazioaren presidenteak hartu du hitza, eta besteak beste, "ingururugiroa zaintzeko" ehiza ezinbesteko praktika dela esan du.

Zalduaren hitzetan, "sektore animalistek eta ultraekologistek ekologismoaren ikuspegi okerra" dute eta "alderdi politikoak eta erakundeak presionatzen" dituzte. Ehiza debekatuta ingurugiroaren arazoak konponduko direla pentsatzea akatsa dela gaineratu du.

Mendian "denentzako lekua" dagoela esan du Gipuzkoako ehiztarien ordezkariak, eta "elkarbizitza bermatzea" politikoen egitekoa dela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Ehiza Gipuzkoako Foru Aldundia