Gizartea -
Indarkeria matxista
'Izu-botoiak' banatu dituzte Durangon, emakumeak seguruago sentitzeko
Ostalaritzan eta txandaka lan egiten duten emakumeek eta kirolariek dispositibo berriarengatik interes handia azaldu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Durangoko Udala botoi erako dispositibo bat banatzen hasi da herriko emakumeen artean, mehatxupean daudenean Udaltzaingoari abisua erraz eman ahal izateko.
Pilar Rios Berdintasun zinegotziak astearte honetan jakitera eman duenez, ekimenari esker herriko emakumeek "gaizki argiztatutako tokietatik edo leku bakartietatik segurtasun handiagoarekin mugitzeko" aukera izango dute.
Horrela, mehatxupean sentitzen baldin badira, emakumeek bakarrik botoia sakatu beharko dute, Udaltzaingoari abisua emateko. Udaltzainek geolokalizazio sistema baten bidez topatuko dituzte.
Berdintasun zinegotziaren ahotan, ostalaritzan eta txandaka lan egiten duten emakumeek eta kirolariek dispositibo berriarengatik interes handiena azaldu dute. Dispositiboa doan bereganatu ahal dute Andragunean.
Espainiako Gobernuak 5.968 euroko diru-laguntza eman du indarkeria matxistaren aurka borroka egiteko, eta Durangoko Udalak mekanismoa martxan jarri du.
Alerta "botoiaren" erabilera arduratsua sustatzeko, Udalak herriko emakume taldeekin bilerak antolatu ditu.
Era berean, telefono mugikorrentzako aplikazio bat martxan jarri zuen Durangoko Udalak legealdi honetan, emakumeek Udaltzaingoari kokapenaren berri erraz eman ahal izateko.