Gizartea -
Eraso transfoboa
Sei urteko zigorra ezarri diote Valladoliden transexual bat hil zuen adingabeari
Horrez gain, 20.000 euro ordaindu beharko dizkio biktimaren ahizpari eta ia 47.000 euroko kalte-ordaina osasun sistema publikoari.
Agentziak | Erredakzioa
2018ko abuztuaren 12an Eli 59 urteko emakume transexuala hil zuen 15 urteko mutikoari ezarritako zigorraren epaia eman du gaur Valladolideko Adingabeen Epaitegiak. Mutikoa adingabeen zentro batean sartuko dute sei urtez, eta gero beste hiru eman beharko ditu zaintzapeko askatasunean.
Horrez gain, 20.000 euro ordaindu beharko dizkio biktimaren ahizpari —akusazio zibila izan zen— eta 46.764,43 euroko kalte-ordaina Gaztela eta Leongo osasun sistema publikoari. Biktimaren neba batek ere kalte-ordaina eskatu zuen, baina epaitegiak baztertu egin du, epez kanpo eskatu zela egotzita.
Epaitegiaren erabakiz, dirutza hori gurasoek ordaindu beharko dute era subsidiarioan: % 99 aitak, eta % 1, amak. Izan ere, epaileek aitaren eta amaren erantzukizuna bereizi dituzte. "Aitak utzikeriaz jardun du semearekiko legezko betebeharrei dagokienez. Amak, berriz, eginahalak egin ditu semeari laguntzeko", horien esanetan.
Nolanahi ere, epaiketaren kostuak adingabeak bere poltsikotik pagatu beharko dituela ebatzi dute epaileek.