Gizartea -

Donostiako jipoia

Hildako adingabearen amak etorkinak ez kriminalizatzea eskatu du

Elkarbizitzaren aldeko alegatua egin du Fatima Hacine-Bacha Garciak ETBn. Horrela, zazpi atxilotuen jatorriaren inguruko mezu ugariei erantzun nahi izan die Santiren amak.

Fatima Hacine-Bacha Garcia Santiren ama. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Fatima Hacine-Bacha Garcia Santiren ama.
Donostian hildako gaztearen familiak gorrotoaren kontrako mezua zabaldu nahi du

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Gorrotoaren" aurkako mezua bota eta etorkinak ez kriminalizatzea eskatu du Fatima Hacine-Bacha Garcia Santiren amak. 17 urteko adingabea igandean hil zen, zenbait gaztek ostiralean, Donostian, emandako jipoiaren ondorioz.

Elkarbizitzaren aldeko alegatua egin du adingabearen amak ETBn. Horrela, zazpi atxilotuen jatorriaren inguruan, batez ere sare sozialetan, zabaldutako mezu ugariei erantzun nahi izan die Santiren amak.

Hacine-Bachak aita aljeriarra eta ama euskal herritarra ditu. Bere familiak "kultura ezberdinetako balio asko ditu", azaldu duenez.

"Santi mutiko maitekorra da, oso soziala, parte hau egokitu zaio eta ez dugu horretan sartu nahi (gorroto mezuei erreferentzia eginez), ez duelako ezertarako balio", erantsi du hildakoaren amak.

"Gorroto ideia horrekin ez gaude ados, hemen ditugun beste baliabide ez dituzten pertsonak erruztatzea ez da bidea", azpimarratu du amak. Adingabearen aitaren izenean ere hitz egin ari zela zehaztu du Hacine-Bachak.

"Irtenbideak bilatu behar dira, maila politikoan, benetakoak, erasotzaileak sartu eta atera (espetxetik) ez ibiltzeko eta birgizarteratze on bat izateko"

Fatima Hacine-Bacharen ahotan, bere semearen heriotzak eta izaten ari den "eragin sozialak gogoeta egiteko eta guztiak esnatzeko" balio dezake. Santi hil duten erasotzaileen kasuak gazteen indarkeriari nola aurre egin behar zaio mahai gainean jarri du.

"Irtenbideak bilatu behar dira, maila politikoan, benetakoak, erasotzaileak sartu eta atera (espetxetik) ez ibiltzeko eta birgizarteratze on bat izateko", nabarmendu du.

Adingabea igandean hil zen, zenbait gaztek eragindako zauri larrien ondorioz. Borroka 05:00ak aldera gertatu zen ostiralean, Donostiako diskoteka ezagun baten kanpoaldean.

Erasoan beste bi gazte arin zauritu zituzten, biktimaren lagun bat eta anaia bat.

Erasoaren ondotik, Ertzaintzak zazpi pertsona atxilotu zituen, guztiak 18 eta 25 urte arteko gizonezkoak; gehienak Irunen (Gipuzkoa) bizi dira.

Zazpi atxilotuak epailearen esku jarri dituzte astelehen honetan, iragan ostiraletik Donostiako ertzain-etxean egon ondoren. Hasiera batean, lesio larri delitu bat egotzi diete, baina tipifikazioa alda daiteke, azken orduetan adingabea hil egin baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Ertzaintza Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak