Gizartea -

IKERKETA ZABALIK

Donostiako erasoarekin lotuta atxilotutakoak epailearen aurrean deklaratzen ari dira

Arazo teknikoak direla eta, ezin izan zuten asteburuan deklaratu, eta, ondorioz, atxiloaldia luzatu zieten. 17 urteko gaztea igandean hil zen Donostia Ospitalean.

Ertzaintzaren autoa Donostiako Justizia Auzitegira sartzen. Argazkia: EFE
Ertzaintzaren autoa Donostiako Justizia Auzitegira sartzen
Ertzaintzaren autoa Donostiako Justizia Auzitegira sartzen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostian, 17 urteko adin txikiko bati heriotza eragin dion jipoiarekin lotuta atxilotutako zazpi lagunak epailearen aurrean deklaratzen ari dira. Izan ere, atzo, igandea, ezin izan zituzten beharrezko izapideak bete.

Efe albiste agentziak ikerketako iturriak aipatuta jakinarazi duenez, igandean hartu behar zieten deklarazioa bi lekukori, eta segurtasuneko kamera baten irudiak ikusi behar zituzten, baina ezin izan zuten egin, eta gaur arte atzeratu behar izan dute atxilotuen deklarazioa.

Donostiako Nautikoaren ondoan izan zen erasoa iragan ostiralean. 17 urteko mutil bat oso larri zauritu zuten, eta osasun zerbitzuek hil edo biziko egoeran eraman zuten Donostia Ospitalera. Azkenean, ordea, atzo hil zen Donostia Ospitalean, jipoiak eragindako zauriak gainditu ezinik.

Gainera, beste bi gazte, biktimaren lagun bat eta anaia, arin zauritu zituzten adingabeari laguntzen saiatu zirenean.

Ertzaintzak zazpi lagun atxilotu zituen, 18 eta 25 urte arteko gizonezkoak.

Ikerketa daraman epaileak guztiei atxiloaldia luzatzea erabaki zuen larunbatean, igandean bi lekukoren testigantzak jaso eta jipoiaren bideoa ikusteko asmoz, baina, arazo teknikoak direla eta, lekukoek ezin izan zuten deklarazioa eman eta ezin izan zuten bideoa ikusi. Dena den, abokatuei eman diete, horiek ere ikus dezaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak