Gizartea -
ATXILOKETA
Aske utzi dute 2016an EHUn izandako istiluen harira Altsasun atxilotutako gaztea
Epaiketaren zain geratu da. Ikasle Abertzaleak erakundeak kontzentrazioa egin du Altsasuko udaletxearen aurrean. Atxiloketa "hauteskunde bezperan" izatea ez dela "kasualitatea" salatu du Sortuk.
EITB.EUS
Larunbat arratsaldean aske geratu da ordu batzuk lehenago Guardia Zibilak Altsasun 2016ko apirilaren 26an EHUko Leioako kanpusean izan ziren istilu batzuen harira atxilotutako gaztea. Deklaratu ostean, epaiketaren zain geratu da. Ikasle Abertzaleak gazte erakundeak eman du atxiloketaren berri eguerdian, sare sozialen bidez, eta hala jakinarazi dute ondoren, aske geratu dela ere.
IAk berak deituta, manifestazioa egin zuten 2016ko apirilaren 26an Leioako Kanpusean "Ikasleon aurkako erasorik ez" lelopean, LOMCEren kontra martxoan Bilboko Ingeniarien Unibertsitatean itxialdia egiten ari zirela atxilotutako ikasleei espediente diziplinariorik ez irekitzea eskatzeko. Manifestazio hura istiluekin amaitu zen, eta Ertzaintzak sei pertsona identifikatu zituen Leioako Errektoretzaren egoitzan indarrez sartzea eta zaintzaile bat zauritzea leporatuta. 15 ikasle ere zauritu zituztela salatu zuen IAk.
Gertakari haien harira identifikatu zituzten sei ikasleek Leioako 6ak aske dinamika abiatu zuten eta egozten zitzaizkien zaizkien karguak ez zituztela onartzen azaldu zuten: desordena publikoa, desobedientzia, agintearen kontrako atentatua, kalteak, lesioak eta irainak. "Parte hartu genuen manifestazioa ekimen politikoa zen heinean, bere izaera eta eduki politikoagatik zapaldu, atxilotu eta epaituko gaituzte" adierazi zuten 2017an.
Euskadi Irratiak jakin ahal izan duenez, 2016ko auzi horrengatik epaiketara deitu zuten gaur atxilotutako gaztea, baina ez zuen bere burua aurkeztu. Guardia Zibilak gaur atxilotu du, 11:25ean, ohiko segurtasun kontrol batean, Getxoko (Bizkaia) Auzitegiaren salaketa medio.
Deklaratu ostean, libre geratu da arratsaldean, baina epaiketaren zain.
Atxiloketa salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur 17:00etan Altsasuko udaletxearen aurrean.
Sortuk gaztearen "berehalako askatasuna" eskatu du
"Gaur goizean jakin dugunez, Guardia Zibilak Beñat Zelaia gazte altsasuarra atxilotu du epailearen aurretik pasaturazteko, duela bizpahiru urte Leioako Campusean izandako istiluetan ustez parte hartzeagatik. Sortuk gaztearen berehalako askatasuna exijitzen du. Euskal Herriak aspaldian behin eta berriz erakutsi du bakean eta askatasunean bizitzeko nahia. Eta gaur berriz ere gazteen aurka eta Altsasuren aurka jo du Guardia Zibilak. Noiz eta hauteskunde bezperan. Ez da kasualitatea. Guardia Zibilak giro politikoa nahasteko duen asmoa agerian uzten du berriz ere atxiloketa honek" adierazi du Sortuk komunikabideetara bidalitako ohar batean.
"Sortuk bakearen eta bizikidetza demokratikoaren aldeko konpromisoan berresten du. Horretarako, Guardia Zibilak Euskal Herritik alde egin behar du" gaineratu dute.
Salaketa
Bestalde, jazotakoa salatu dute ere Altsasuko gaztetxeko asanbladak eta Ospa mugimenduak. Zabaldutako ohar baten bidez jakinarazi dutenez, atxilotutako gazteek erabaki zuten epaiketan ez aurkeztea "legitimaziorik gabekoa zelakoan", horien iritziz, "ekintza politiko batean" besterik ez baitzuten parte hartu.
"Gure gizartea errotik aldatzen ez badugu, erantzun sistematikoa errepresioa izango da, eta gaitza horrekin bukatu bitartean, geure burua defendatzeko tresnak garatzea ezinbestekoa izango da", gaineratu dute Altsasuko gaztetxearen asanbladak eta Ospa mugimenduak.