Gizartea -
IKERKETA ZABALIK
Donostian jipoitutako adin txikikoak hil ala biziko egoeran jarraitzen du
18 eta 25 urte artean dituzte erasoarekin zerikusia dutelakoan atxilotutako zazpi gazteek. Komisarian jarraitzen dute epailearen aurretik igaro zain. Lesio larriak eragitea leporatzen diete.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ostiral goizaldean Donostiako Klub Nautikoaren eta Udaletxearen artean larri zauritu zuten 17 urteko adin txikiko gipuzkoarrak hil ala biziko egoeran jarraitzen du, Donostiako Ospitalean.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, jipoiarekin zerikusia dutelakoan atxilotutako zazpi gazteek komisarian jarraitzen dute, epailearen aurretik igaro zain. 18 eta 25 urte artean dituzte eta lesio larriak eragitea leporatzen diete.
Ertzaintzak aurrera jarraitzen du zer gertatu zen argitzeko ikerketarekin. Atzo lekuan bertan izan ziren kasua argitzeko aztarna bila. Hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, Udaletxeko kamerek grabatu egin zuten erasoa, eta irudiak aztertzen ari dira orain.
Beste bi pertsona ere zauritu ziren gertakarian, larri dagoen gaztearen bi lagun, hain zuzen ere, hari laguntzera joan zirenean. Mediku arreta jaso eta alta eman zieten.