Gizartea -
TRAFIKOA
Donostiako saihesbidea ireki dute, bidera isuritako erregaia garbitu ostean
Antza denez, kamioi batek gasolioa isuri du errepidera eta hainbat istripu izan dira Bilborako noranzkoan. Gainera, Donostiatik GI-20 saihesbiderako sarrerak itxi dituzte errepidea garbitu bitartean.
EITB.EUS
GI-20 Donostiako saihesbidea 12:00ak baino minutu batzuk lehenago ireki dute, Bilborako noranzkoan, pare bat orduz itxita egon ostean. Ibilgailu batek errepidera gasolioa isuri du eta segurtasuna bermatzeko itxi egin dute, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i baieztatu dionez. Halaber, bidea garbitu arte Donostiatik GI-20 saihesbiderako sarrerak itxi dituzte.
Antza denez, kamioi batek eragin du isuria, ustekabean.
Bidean zehar barreiatutako erregaiaren ondorioz, hainbat ibilgailu bidetik atera dira. Hala ere, ezbehar horietan ez da inor zauritu.
Prebentzio neurri gisa, errepidea guztiz itxi dute 10:00etan, harik eta bidea guztiz garbitu arte. Hori dela eta, auto-ilara luzeak sortu dira.
Bestalde, GI-636 errepidean, Lezon, Altamirako tunelaren parean, beste zenbait ibilgailu bidetik atera dira, antza denez, bidera isuritako erregaiaren ondorioz. Errepidea garbitu bitartean, arretaz gidatzea aholkatzen du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.