Gizartea -
itsaslapurreta
Bermeoko 'Txori Argi' ontziak piraten erasoari aurre egin dio Indiako Ozeanoan
Bestalde, piratek lau egunez bahituta izan duten Yemengo ontzi bat askatu du 'Navarra' fragata espainiarrak.
eitb.eus
Bermeoko Txori Argi atunontziak piraten erasoa jasan du Indiako Ozeanoan, Somaliako kostatik 280 bat itsas miliara, Europar Batasuneko Atzerri Gaietarako Sailak jakitera eman duenez.Ontziaren segurtasun pribatuak piraten erasoari aurre egitea lortu du, eta eskifaia egoera onean dagoela jakinarazi dute EBko agintariek.
Bestalde, Navarra fragata espainiarrak piratek lau egunez bahituta izan duten Yemengo ontzi bat askatu du, Espainiako Defentsa Ministerioaren arabera.
Apirilaren 21ean jasan zuten piraten erasoa Txori Argi atunontzikoek eta Adria ontziko korearrek. Txori Argi atunontziko eskifaia osatzen duten 30 bat marinelak, galiziarrak gehienak, egoera onean daudela esan dute Europar Batasuneko ordezkariek, eta eraso egin zuen ontzia atzo atzeman zutela. Dirudienez, eraso egin zuen ontzia Yemengoa zen.
Bermeoko Txori Argi ontzia Inpesca enpresarena da, eta aurretik ere jaso du erasorik. 2009an eta 2010ean ere eraso zioten Txori Argi atunontziari, eta orduan ere piratei aurre egin zieten segurtasun pribatuko langileek.
Inpesca konpainia armadoreko iturriek azaldu dutenez, itsaslapurren txalupa Koreako arrantza-ontziari segika zebilen. Baina Koreako ontzia Bermeoko barkuaren norabidean zihoan, eta hura ikusi zutenean eraso egin zioten.
Txori Argi ontziko segurtasun pribatuak erasoari aurre egin zion, eta piratek armak bota eta ihes egin zuten.
Euskal ontziak Atalanta Operazioari istiluaren berri eman zion, eta arrantzan jarraitu zuen.
Liskarrari garrantzia kendu diote armadoreek, ez baita harritzekoa Indiako Ozeanoaren zonalde horretan. Tripulazioari ez zaiola ezer pasatu eta berehala lanean jarraitu zuela azpimarratu dute.