Gizartea -
Misio humanitarioa
'Aita Mari' ontzia giza laguntza banatzen ari 12.000 errefuxiaturen artean, Grezian
Bestalde, Open Armas ontzia arratsaldea abiatu da Bartzelonako portutik Greziara bidean. Migratzaileei laguntzeko 20 tona material daramatza barruan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
SMH Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko elkartearen Aita Mari ontzia giza laguntza banatzen ari da Greziako Kios eta Lesbos (Grezia) uharteetan. Materiala banatutakoan, jarraian Libiara abiatuko da behin horretarako baimena lortzen duenean. Erakundearen esanetan, Italia eta Libia arteko migrazio bidea "munduko hilgarriena da".
Ontzia atzo iritsi zen Lesbosera, Kiosetik igaro ostean, ia astebetez Mediterraneoan barrena ibili ostean. Botikak, arropak eta lehen beharrizaneko produktuak eraman ditu Greziara, Lesbos eta Kios uharteetan baldintza zailetan milaka errefuxiatuen artean banatzeko.
Gobernuz kanpoko erakundeak ohar bidez jakinarazi duenez, 12.000 pertsonak baino gehiagok botikak, osasun eta higiene produktuak, mantak eta arropa jasoko dituzte. Aita Mari ontziak Greziatik Libiara egingo du, baldin eta Italia eta Libia arteko migrazio bidea egiteko Espainiako Gobernuaren baimena eskuratzen badu.
"Zoritxarrez, Gobernuak Mediterraneoan erreskate lanak egiteko blokeatu du gure ontzia. Denbora horretan, 250 pertsona baino gehiago hil dira Europara iritsi nahian ari zirela", adierazi du. Gobernuz kanpoko erakundeak erabaki horren kontrako helegitea aurkeztu du epaitegietan eta Merkataritza Ontzidiaren Zuzendaritzan, baina oraingoz ez du erantzunik jaso.
Bestalde, Open Arms ontzia ere antzeko egoeran dagoela gogoratu du Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak. Hain zuzen ere, Open Arms ontzia gaur abiatu da Greziara. Ildo horretan, bidaia ona opatu die Open Armseko lagunei eta Lesbosen berriz elkartuko direnaren itxaropena agertu du.
(Open Arms ontzia Bartzelonako portutik ateratzen. Argazkia: EFE)
Opens Arms, Greziara bidean
Bartzelonako portuan ehun egun blokeatuta egon eta gero, Open Arms ontzia arratsaldeko lehen orduan itsasoratu da Greziako Samos eta Lesbos uhartetara bidean. Migratzaileentzako laguntza humanitarioa darama, baina pertsonak erreskatatzea galarazi egin diote.
20 tona material daramatza barruan, tartean elikagaiak, arropa, higienerako produktuak eta eskolarako materiala.
Apirilaren 17an eskatu zuten itsasoratzeko baimena, baina baldintza bat jarri zioten: Greziako kostalderako bidetik ez atertzea eta migratzaileak bilatzeko eta erreskatatzeko gunean ez sartzea. Gobernuz kanpoko erakunde horretako zuzendari Oscar Campsek "mehatxutzat" jo zuen, hala egin ezean isuna jarriko dietelako.
Gerard Casals Open Arms ontziko operazio buruak esan du bidean larrialdian dagoen pertsonarik topatuz gero, "lagundu egingo diogu, betiko moduan, horixe baitio itsasoko araudiak".
Alabaina, "ibilbidetik ateratzea galarazi digute eta, beraz, ezingo dugu orain arte egindakoa egin", deitoratu du.