Gizartea -

Bilbo

Auto-gidari batek Basurtuko Ospitaleko harrera-gunea jo du nahita

30 urteko gizon bat atxilotu dute Bilbon, autoa Basurtuko Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuen harrera-gunearen kontra jo eta anbulantzia-gidari bati eraso egin ostean.

Autoa, Basurtuko Ospitalean. Iturria: Basurtuko Erizainak
Autoa, Basurtuko Ospitalean. Iturria: Basurtuko Erizainak
Gizon bat atxilotu dute autoa Basurtuko Ospitalean sartzeagatik

0:30

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

30 urteko gizon bat atxilotu dute igande honetan Bilbon, autoa Basurtuko Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuen harrera-gunearen kontra jo eta anbulantzia-gidari bati eraso egin ostean.

02:00ak aldera gertatu omen da erasoa. Ordu horretan, gizon bat larrialdietako harrera-gunera gerturatu da, haren senitarteko bat ondoezik zegoelako. Artatua izateko itxaron beharra zeukala esan diotenean, ibilgailuan sartu da berriro eta harrera-gunea jo du bete-betean, Bilboko Udaleko iturriak aipatuta, EFE agentziak jakinarazi duenez.

Basurtuko Ospitaleko iturriek, ordea, EiTBri argitu diote gizona ez dela harreragileengana gerturatu, alegia, zuzenean jo duela harrera-gunea, aurretik haiekin hitz egin gabe, eta, horrenbestez, itxaronaldiaren berri jaso gabe.

Geroago, inguruan zegoen anbulantzia-gidari bati eraso dio. Hala, lekura hurbildu diren udaltzainek 30 urteko gizona atxilotu dute, ausarkeriaz gidatzea eta hiri ondasunetan kalteak eragitea leporatuta.

Udaltzaingoaren arabera, auto-gidaria identifikatzen saiatu diren unean gizonak oso jarrera oldarkorra izan du eta uko egin dio alkohol-proba egiteari.

Segurtasun neurriak handitzea eskatzen dute

Auto-gidari batek Basurtuko Ospitaleko harrera-gunea jo ostean, Osakidetzako langileen eskubideak babesten dituen ESK sindikatuak "kezka" agertu du "gertaera larri horren aurrean". Era berean, "elkartasuna" adierazi die Basurtuko Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuan lan egiten duten beharginei, eta behin baino gehiagotan segurtasun neurriak handitzea eskatu dutela gogora ekarri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Zer gertatu da Bizkaian? Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Basurtuko ospitalea