Gizartea -
European Research Council
Euskal ikertzaileek Europako Ikerketa Kontseiluaren lau laguntza berri lortu dituzte
Urtero, milaka eskarien artetik, proiektuen % 10-15 aukeratzen ditu ERC Europako Ikerketa Kontseiluak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Urtero Europako Ikerketa Kontseiluak (ERC) ematen dituen laguntzetako lau lortu dituzte euskal ikertzaileek, eta, batez beste, 1,5 eta 2 milioi euroko finantzazioa eskuratuko dute. Ikerketari zuzendutako mundu osoko laguntzarik garrantzitsuenetakoa da, eta ezagutzaren mugan ikertzen jarraitu nahi duten "arrisku handiko ikerketa berritzaileak" garatzea xede duten prestigiozko proiektuak finantzatzen ditu Europako Ikerketa Kontseiluak.
Urtero milaka eskari jasotzen dituzte, eta horietako gutxi batzuk (% 10-15) bakarrik aukeratzen dituzte.
Euskadik Europako Ikerketa Kontseiluak emandako 16 laguntza ditu, 2018ko laurak barne, eta 27 milioitik gorako balioa dute. Horrela adierazi dute Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak eta Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak elkarrekin eskaini duten prentsaurrekoan.
Cossioren esanetan, Euskadin ERC laguntza dutenen % 86 Ikerbasqueko ikertzaileak dira. Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntza jaso duten ekimenek prestigio handia izan ohi dute nazioarteko komunitate zientifikoan, izan ere, esparru zientifiko guztiei zuzendutako laguntza hauek bikaintasunaren adierazletzat jotzen dira nazioartean.
Enplegua sortzeko eta jendea formatzeko ere lagungarri izan ohi dira laguntza horiek; izan ere, kasuan kasuan 5 eta 20 ikertzaile bitartean kontratatzen dira proiektua gauzatuko duen lantaldea osatzeko.
CIC bioGUNE zentroan Ikerbasqueko irakasle den Arkaitz Carracedo da laguntza jaso duen ikertzaile horietako bat. CancerAdapt proiektuaren baitan, prostatako minbiziak aurrera egiteko erabiltzen dituen mekanismoak ikuspegi berritzailetik aztertzen ari da.
Clara Martin ikertzailearen proiektua da aukeratutako beste bat. Hizkuntza eta elebitasunari buruzko ikerketa bide berriak jorratzen ari da, adingabeek irakurtzen ikasten dutenean ortografiak hizkuntza-soinuen pertzepzioari eta ekoizpenari nola eragiten dien ezagutzeko.