Gizartea -
barakaldo
Udalaren 'murrizketak' salatu dituzte, etxegabe baten heriotzaren biharamunean
Berri Otxoak plataformak kritikatu duenez, etxegabeek gehienez zazpi egun jarraian eman ditzakete udal aterpetxean. Denbora hori igarota, lekua egonda ere, utzi egin behar dute.
Agentziak | erredakzioa
Kalean bizi zen 30 urteko sestaoar bat hilda topatu eta biharamunean, heriotza hori eta Barakaldoko Udalaren "murrizketak" salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur Bizkaiko udalerrian, Berri Otxoak gizarte bazterketaren kontrako plataformak deituta.
Kontzentrazioa Barakaldoko udaletxearen parean egin dute goizean, eta udal gobernuak (EAJ) darabilen "murrizketen" politika salatu dute. Jakinarazi duenez, apiriletik etxegabeek gehienez zazpi egun jarraian eman ditzakete udal aterpetxean. Muga hori gaindituta, eta tokia egonda ere, "aterpetxea utzi behar dute" erabiltzaileek eta hiru hilabeteko epean ezin dute berriro erabili.
Kontzentrazioan "etxerik ez duten eta kalean bizi diren herritarren errealitateari irtenbide bat emateko neurriak" eskatu dizkiete erakunde publikoei.
Atzo auto barruan hilda topatu zuten 30 urteko etxegabea, han egiten zuen lo eta Caritasen jantokiko erabiltzailea zen. Berri Otxoak plataformak gogorarazi duenez, bi urtean Barakaldon hiltzen den hirugarren etxegabea da honakoa. Gainera, gaur-gaurkoz "Barakaldoko kaleetan bizirauten" duten 30 bat lagun daude, "iazko halako bi", salatu dute