Gizartea -
Bizkaia
Etxegabe bat hil da Barakaldon
Sestaoko 30 urteko gizonezkoa da hildakoa: autoan egiten zuen lo, eta Caritaseko jantokiko erabiltzailea zen. Berri Otxoak plataformak elkarretaratzea egin du heriotza salatzeko.
Agentziak | erredakzioa
Berri Otxoak gizarte bazterketaren kontrako plataformak Barakaldon (Bizkaia) etxegabe bat hil dela salatu du gaur Bizkaiko udalerrian egindako elkarretaratze batean. Heriotzaren berri atzo eman zuen plataformak. Hildakoa 30 urteko Sestaoko bizilaguna zen; autoan egiten zuen lo —bertan topatu dute hilotz— eta Caritasen jantokiko erabiltzailea zen.
Heriotza salatzeko elkarretaratzea Barakaldoko Udaletxearen aurrean egin dute goizean.
Kontzentrazioan "etxerik ez duten eta kalean bizi diren herritarren errealitateari irtenbide bat emateko neurriak" eskatu dizkiete erakunde publikoei.
Berri Otxoak plataformak gogorarazi duenez, bi urtean Barakaldon hiltzen den hirugarren etxegabea da honakoa. Gainera, gaur-gaurkoz "Barakaldoko kaleetan bizirauten" duten 30 bat lagun daude, "iazko halako bi", salatu dute
Barakaldoko udal gobernuak (EAJ) darabilen "murrizketa politika" salatu du gizarte bazterketaren kontrako plataformak. Horren hitzetan, etxegabeek gehienez zazpi egun jarraian eman ditzakete udal aterpetxean.
Muga hori gaindituta, eta tokia egonda ere, "aterpetxea utzi behar dute" erabiltzaileek eta hiru hilabeteko epean ezin dute berriro erabili.