Gizartea -
Homo Luzonensis
Pleistozeno amaierako hominido espezie berri bat aurkitu dute Filipinetan
Pariseko Historia Naturalaren Museoko aditu talde batek oinetako eta eskuetako zenbait hezur, izterrezur zati bat eta hortzak topatu ditu Callaoko haitzuloan.
Agentziak | Erredakzioa
Filipinetako haitzulo batean aurkitutako fosilek hominido baten existentziaren berri eman dute. Luzongo uhartean bizi izan zen Pleistozeno amaieran, Nature aldizkariak asteazken honetan argitaratu duenez.
Erresuma Batuko zientzia aldizkariak azaldu duenez, Pariseko Historia Naturalaren Museoko aditu talde batek oinetako eta eskuetako zenbait hezur, izterrezur zati bat eta hortzak topatu ditu Callaoko haitzuloan.
Fosilek hominido espezie baten existentzia baieztatu dute. Luzon uhartean bizi izan zen Pleistozeno bukaeran, duela 50.000 urte baino gehiago.
Ikerketaren arabera, duela 700.000 urteko animali sarraskien zantzuak topatu dituzte, baita oineko hezur bakarra ere, duela 67.000 urtekoa, Luzon uhartean hominidoen presentzia egiaztatuz.
Callaoko geruza estratigrafiko berdinean, Florent Detroit, Armand Mijares, Philip Piper adituek eta Frantziako museoko zientzialari talde batek gutxienez hiru indibiduoren beste 12 hezur eta hortz aurkitu zituzten.
Aurreko hagin deigarriak
Ikertzaile taldearen hitzetan, espezimen berriek aurreko hagin deigarriak zituzten ezaugarri, beste hominido batzuetan aurkitutakoekin alderatuta nabarmen desberdinak, esaterako Homo Floresiensisarekin konparatuta, Asia hego-ekialdeko uharteetako beste hominido bat.
Espezie berriari Homo Luzoniensis izena jarri diote zientzialariek, Nature-k erantsi duenez.
Homoaren eboluzioan Asia hego-ekialdeko uhartearen garrantzia agerian utzi dute beste hominido espezie batzuen aurkikuntzek.