Gizartea -
Suizidio lagundua
Angel Fernandezen ekintzak eutanasiaren inguruko eztabaida berriz piztu du
Heriotza duin bat izateko aukera arautzea eskatu dio EAJk Estatuari. Sanchezek gizonari indultua ematea ez zuen baztertu ostegunean.
Agentziak | Erredakzioa
Madrilgo emakumearen suizidio lagundua senarraren “azken maitasun ekintza” izan zela esan du Andoni Ortuzar EAJko presidenteak. Heriotza duin bat izateko aukera arautzea eskatu dio jeltzaleak Estatuari.
“Sinesmenen eta pertsona bakoitzaren moralaren gainetik” egoera horiek arautzeko beharra defendatu du Ortuzarrek RTVEn. “Edonork bizitza duinerako eskubidea izateko, nahi duenak azkenera arte zainketa aringarriekin gaixotasunari eusteko, baina heriotza duin bat ere izateko aukera emanez”, erantsi du.
Eutanasia eta suizidio lagundua despenalizatzea defendatu du Geroa Baik. Bi “praktika medikoak” despenalizatuko dituen legeak “praktika mediko okerrak saihesteko babes nahikoak” izan behar dituela zehaztu du koalizioak.
Txema Lorente Maribel Telletxeren alargunaren hitzetan, “maitasun eredu ukaezina” eta “ausardia” erakutsi dute Angel Fernandezek eta Maria Jose Carrasco haren emazteak. Carrascok esklerosi anizkoitzarekin eman ditu azken 30 urteak. 75 urteko Telletxe Portugaleten (Bizkaia) hil zen iragan martxoan, azken 12 urteetan Alzheimerrak jota eman ondoren.
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak gizonari indultua ematea ez zuen baztertu ostegunean, eta eutanasiaren legea oztopatu izana leporatu zien PPri eta Ciudadanosi. Maria Luis Carcedo Osasun ministroaren ahotan, pertsona batek gaixotasun sendaezina duenean edo fase terminalean dagoenean, bizitzari amaiera emateko erabakia berari dagokio, eta irizpide erlijioso, moral, etiko, mediko edo judizialik ez du esku hartu behar.
Hauteskunde-kanpainan eutanasiaren inguruko eztabaida mahai gainean jartzeagatik “elektoralismoa” egotzi die PPk PSOEri eta Pedro Sanchezi. “Hiltzeko prozesuan” dauden pertsonentzako zainketa aringarrien aldeko apustua egiten du Alderdi Popularrak.
Hauteskunde-programan osasun zerbitzua hobetzeko zenbait neurri jaso ditu Podemosek, eutanasia edo senda-kalamua arautzea, besteak beste. Pertsona bat “gupida ekintza” batengatik atxilotzea eta espetxeratzea “lotsagarria” dela uste du Pablo Iglesiasek.
Angel Hernandezek puntu horretaraino heldu behar izatea eta horregatik atxilotzea bidezkoa ez dela adierazi du Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagiak. “Zure emaztea, alaba edo senarra modu horretan sufritzen ari baldin bada… gizon horrek egindako gauza bera egingo ez nukeela; ez nuke burdina goria eskuetan hartuko”, azpimarratu du.
Javier Velasco Duintasunez Hiltzeko Eskubidea Elkarteko presidenteak kritikatu duenez, “amodiozko ekintza bat dena Zigor Kodearentzat zigorgarria da”.
Eliza katolikoa “eragindako heriotzaren” aurka dago, baina Hernandez “kartzelaratzeko” asmorik ez dutela ziurtatu du Luis Arguello Espainiako Gotzain-batzarraren bozeramaileak.
Azkenik, “askatasunean, serio eta behin eta berriro” hiltzeko laguntza eskatu duen gaixo terminal edo oso larri bati lagundu dion pertsona espetxeratzearen aurka agertu da Fiskalen Batasun Progresista. Suizidio lagunduarentzako “araudi egokia” lege batean jasotzea aldarrikatu dute fiskalek.